Akelarrek Maitena ostatua irekiko du Hiri Besten eta Euskal Besten karietara

Aitor Errazkin 2026ko uztailaren 30a

Hendaiako Hiri Besten eta Euskal Besten harira, Akelarre kultur elkarteak Maitena ostatua irekiko du aurten. Ostatua abuztuaren 7tik 9ra egongo da zabalik, eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte bertan. Asun Mikelarena Akelarre kultur elkarteko kidearekin hitz egin dugu.

Hiri Bestaren lehen egunean, hiri erdiko kaleak trafikoari itxita egongo direnez, Akelarrek kontzertu berezia antolatu du Maitena ostatuaren aurrean. Imuntzo eta Belokiren emanaldia izango da bertan, jai giroari hasiera emateko.

Akelarreren egoitza historikoa Askatasuna karrikan zegoen. Hala ere, joan den urtarrilaren 28an, eraikinaren egoerak segurtasuna bermatzen ez zuela iritzita, Hendaiako Herriko Etxeak lokala erabiltzea debekatu zuen. Eraikin berean Baleak elkartea ere bazegoen, eta ordutik hona bi lokalak itxita daude.

Duela hilabete batzuk, Akelarre kultur elkarteak Maitena ostatua izandakoaren lokala alokairuan hartu zuen. Gune berri horretatik antolatuko ditu aurtengo jaietako ekitaldiak.

Abuztuaren 8an, larunbatez, ostatua zabalik egongo da eta, ohi bezala, taloak salduko dituzte egun osoan zehar. Abuztuaren 9an, Euskal Bestaren egunean, Akelarrek urtero egiten duen bezala karroza aterako du desfilean. Aurtengo gaia «Azterketak euskaraz» izango da.

Desfilean parte hartzeko hitzordua arratsaldeko 15:00ak aldera izango da, Hendaiako tren geltokian. Egun horretan ere, Maitena ostatua goizetik arratsera arte zabalik egongo da, herritar eta bisitari guztiak hartzeko prest.

Jaietako egitarauaz, egoitza berriaz eta Akelarreren aurtengo asmoez gehiago jakiteko, Asun Mikelarena Akelarre kultur elkarteko kidearekin hitz egin dugu.