Itsas hondakinen garbiketa egingo dute bihar Hendaiako Txingudiko Badian

Antxeta Irratia

Interreg Bluepoint proiektuaren barruan itsas hondakinen bilketa egingo dute irailaren 19 honetan Zentro Nautikotik 11:00etan abiatuta. Aldi berean, Zarautzen eta Europako hainbat herrialdeetan koordinatutako garbiketak egingo dituzte jendartea itsas hondakinen kutsadura arazoaz sentiberatzeko. Hendaiako hitzordua Recicla-Birziklatu elkarteak antolatzen du, eta parte hartzeko +34 687 426 054 telefonora deitu behar da.

Azken urteetan, Surf Rider fundazioak, Recicla-Birziklatu elkarteak, Plaiaundiko Parke Ekologikoaren Eko-Patruilak edota Hendaiako CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeak ere, gure kostaldearen garbiketa ekimen herrikoi anitz antolatu dituzte azken aldian. 2025eko ekainean ere Bidasoa ibaiaren garbiketa handia antolatu zuten Beratik Hondarribiraino. Eta urtero urtero, plastikoak eta hondakinak biltzen dituzten arren, garbiketa bakoitzean topatzen dituzte zorigaiztoko zabor kopurua kezkagarria da.

Garbiketa sinbolikoak izanagatik ere, jendartea sentiberatze aldera, bildutako hondakin kopurua nabarmena izan ohi da beti. Eta Hendaian CPIE Euskal Itsasbazterra erakundeak martxoan Udaberriko Garbiketa antolatu ohi badu ere, aparteko ekimenak aurrera eraman ohi ditu Recicla-Birziklatu elkarteak ere eskolartekoekin.

Oraingo honetan, aldiz, Interreg Bluepoint europar proiektuarekin bat eginez, irailaren 19an (11:00etan hasita) Txingudiko Badiaren garbiketa egingo dute. Hendaiako Zentro Nautikoa hitzartu dira, eta aldaketaren parte izatera animatu ditu Recicla-Birziklatu elkarteak. Izena emateko +34 687 426 054 telefonora deitu behar da, edota recicla.birziklatu@gmail.com helbidera idatzi.

Hondakinek ez dute mugarik

Interreg Bluepoint proiektuaren barruan itsas hondakinen bilketa Hendaian ez ezik, Zarautzen (Gipuzkoa) ere egingo da aldi berean. Eta Gipuzkoako Foru Aldundiak laguntzen du. Era berean, Irlandan, Portugalen eta Europako beste hainbat garbiketa ekimenekin koordinatuta egingo dute, eta hondakinak jaso eta sailkatu egingo dituzte.

Itsas hondakinen arazoa guztiona dela agerian utzi nahi dute. Izan ere, itsasoan amaitzen duen hondakinak ez du mugarik ezagutzen. Horren irudiko izan zen iaz otsailean Txingudiko Badian egindako azken hondakinen bilketa. Kasu hartan CPIE-IEZI erakundeak proposatu zuen d'Agir Pour Le Oceane ekimenaren baitan, hondakin mota eta jatorria aztertuz. 30 lagunek hartu zuten parte, eta ordubetean bildutako hondakinen gehiengoa, pisu eta bolumen aldetik, plastikoa izan zen: 21,95 kg.

Hondakin honen jatorria zein izan zitekeen argitzeko, produktuen marka ezberdinen zerrenda egin zuten antolatzaileek. Haien artean 16 botila, eta Lays, Haribo, Onyx, Huesitos, Facundo, Doritos, Durex edo Mercadona markako produktuen poltsa eta ontziak jaso zituzten Hendaiako Txingudiko Badiaren bazterretik.