Hendaiako herriak 1936an Espainiako estatu kolpe faxistatik ihes egin zuten milaka bidasotarrak omentzeko, eta historiaren pasarte hura Hendaian izan zuen eragina gogoratzeko jardunaldia antolatu du irailaren 23an. Iraileko lehen egunetan gutxienez 8.000 irundarrek ihes egin zuten Avenida Zubia zeharkatuz, eta hondarribiar askok txalupan tresbeskatu zuten Bidasoa ibaia Hendaian babes bila. Hendaiako herriak beso zabalik hartu zituen, eta lehen egun haietan 5.000 etxe inguru izan ziren Bidasoaz bestaldeko familiak haien etxeetan hartu zituztenak, eta gerora Ipar Euskal Herria eta Akitania osora errefuxiatu joan ziren.
Herriko etxeak ekitaldi instituzionala antolatu du Kaneta portuan. 18:30ean hasiko da, eta Kotte Ezenarro auzapezaren hitzartzeaz gain, garaiko lekukotasunak bildu dituen Oroitza elkartearen irakurraldia egingo dute Chimères antzerki taldearen eskutik. Bertan hainbat hendaiarren lekukotasunak jasoko dituzte, eta Gaztelu Zahar abesbatzaren emanaldiaz gain, Mutxiko elkarteak Aurreskua dantzatuko du.
Hala ere, ez da dena ekitaldi instituzionaletara mugatuko. Hendaiako Kultura Zerbitzuak antolatuta, hitzordua belaunaldien arteko topaketa, transmisioa lantzeko baliatu nahi baitute, eta 1936an ihes egin zuten emazte, gizon eta haurrak omentzeko literaturaren, musikaren eta zinemaren bitartez biziaraziko dute oroimena.
Lekukotasunak eta gogoeta
Horretarako, Leonor de Recondoren irakurraldi musikatua antolatu dute 17:00etan Gaztelu Aretoan. Ikuskizun honetan, Leonor de Recondok bere ahots eta bibolinarekin haren amona Enriquetaren historia kontatuko du. 1936ko abuztuaren 18an, familiaren etxea utzi eta Irundik Hendaiara ihes egin behar izan zuen, frankisten mehatxupean. Prosaren eta poesiaren, musikaren eta isiltasunaren artean, kontakizunak haurtzaroko oroitzapenak, zatika iritsi diren artxiboak eta irudimena uztartzen ditu.
Bestalde, zinema gaualdia antolatu dute Varietes zinegelan. 20:30ean « Josep» (Aurel, Jean-Louis Milesi) filmaren proiekzio historikoa proposatzen dute. Filmak frankismoaren aurkako borrokalaria eta artista Josep Bartolíren benetako historia kontatzen du. Eta frankismoaren diktaduratik ihesi doazen errepublikanoen oldeak gainezka harturik, Frantziako gobernuak errefuxiatuak kontzentrazio-esparruetan bildu zituenekoa aztertzen du.