Baionako auzitegiak ur zikinak legez kanpo itsasora isurtzea leporatzen dio Euskal Hirigune Elkargoari eta Suez ur-saneamendu sarea kudeatzen duen enpresari. CADE elkarte ekologistak eta Arrantza Batzorde Interdepartamentalak 2021ean egindako salaketa ikertzen hasi da Frantziako justizia, Osasun Publikoa eta Ingurumenaren Kontrako Delituen Zentralak zuzenduta. Ikertzaileek azpimarratu dutenez, Lapurdiko kostaldeko sei udalerritan 2019tik 2021era isuritako tratatu gabeko ur zikinen bolumena 923.904 metro kubikokoa izan da, 369 igerileku olinpikoren parekoa.
Zehazki Miarritze, Bidarte, Getaria, Donibane Lohizune, Urruña eta Hendaiako saneamendu-sistemak ikertzen ari dira. Eta Suez enpresak kudeatzen dituen sei ur-araztegiak. Bistan denez, ur zikinen isuri hauek euri zaparrada handiekin batera gertatu ohi dira, eta Hendaian bezala, kostaldeko herri turistiko hauetan ur zikinak tratatzeko azpiegiturak eskasak dira denboraldi turistikoetan.
Hendaian, adibidez, uraren kalitate txarragatik azken urteetan hondartzan bainua debekatzea erabaki du herriko etxeak hainbat alditan. Baionako epaileak aditzera eman duenez, ikerketak ondorioztatu duenez, Hendaiako ur-araztegiaren kasuan ur zikinen isurien bolumena legeak baimentzen duen %5aren muga hirukoiztu egiten du. Izan ere, azken sei urteetan Dunbarrietako Abadia eremuaren sarreran kokatutako azpiegituran kudeatu beharreko ur zikinen %15,44a itsasora isuri dute behar bezala tratatu gabe. Eta 2020an %22ra iritsi zela azpimarratzen du epaileak.
Osasun Publikoa eta Ingurumenaren Kontrako Delituen Zentralak zuzendutako ikerketak, bestalde, isuri hauek itsas-belar toxikoen ugaritzearekin zerikusirik ote duten ere aztertzen ari da. Euskal Herri Elkargoak adierazi duenez, ez dute adierazpenik egingo ikerketa martxan den bitartean.