Hendaiako herriak 1936an Bidasoaz bestaldeko bizilagunak eskuzabalik jaso zituenekoa gogoan

Antxeta Irratia

1936an Espainiako estatu kolpe faxistatik ihesean zihoazela Hendaiako herriak eskuzabalik hartu zituen milaka bidasotarrak omendu dituzte Kaneta Portuan. Irundar eta hondarribiar askok babes bila zeharkatu zuten muga eta erbestean geratu ziren betiko. 90 urte geroago, belaunaldien arteko transmisioa egin eta memoria historikoan sakonduz, haien seme-alaben lekukotasunak jaso dituzte Oroitza elkartearekin Kaneta Portuan antolatutako ekitaldi instituzional hunkigarri batean.

Hendaiako herriak 1936an Espainiako estatu kolpe faxistatik ihes egin zuten milaka bidasotarrak omendu zituen asteazkenean. Kaneta Portuan egindako ekitaldi instituzional batean, abuztuaren erditsutik irailaren 5a arte Avenida Zubia trebeskatuz edota Hondarribitik txalupan Bidasoa zeharkatu zuten 9.000 lagun inguru izan zituzten gogoan. Hendaiara iritsi ziren babes bila, eta Hendaiako herriak beso zabalik hartu zituen. Kontatzen dutenez, lehen egun haietan 5.000 biztanle inguru ziren Hendaian, eta etxe gehienetan jaso zuten familiaren bat. Gerora, Akize, Bordele, Montauban eta Akitaniako beste hainbat herritara bideratu zituzten errefuxiatuak. Haatik, horietariko zenbaitzuk Hendaian bizitzera geratu ziren.

Hain justu, familia haietako bizipenak eta lekukotasunak jaso zituzten Kaneta Portuan egindako ekitaldian. Baita aurretik Gaztelu aretoan antolatutako irakurraldi musikatuan ere. Leonor de Recondo idazleak bere ahots eta biolinarekin haren amona Enriquetaren historia kontatuko baitzuen. 1936ko abuztuaren 18an, familiaren etxea utzi eta Irundik Hendaiara ihes egin behar izan zuen, frankisten mehatxupean, gosariko esne beroa mahai gainean utzita. Ez ziren sekula etxera bueltatu.

Kaneta Portuan, aldiz, Hendaiako Oroitza elkarteak bildu dituen garaiko lekukotasunak plazaratu zituzten Chimeres antzerki taldeak moldatutako ikusgarri hunkigarri batekin. Eta zenbait hendaiarrek ere hitza hartu zuten haien bizipenak kontatzeko. Haien artean, Kotte Ecenarro auzapeza bera, errefuxiatuen familiako semea baita. Bera bezala, Andoni Etxarriren senideek ere hartu zuten hitza, eta Mari Carmen Nazabal Hendaiako Kultura auzapezorde ohiak ere hartu zuen hitza, bere gurasoak erbesteko iheslariak izan baitziren.

Bestalde, Mutxiko elkarteak Aurreskua dantzatu zuen, eta Gaztelu Zahar abesbatzaren emanaldi sinboliko batekin itxi zuten ekitaldia. Izan ere, 1936an Irundik eta Hondarribitik Hendaiara iritsitako errefuxiatu askok parte hartu zuten abesbatza honen lehen urteetan.