Egunotan Uruguai eta Argentinan ospatzen ari den Euskal Pilotako Munduko Txapelketan euskal selekzioa parte hartzen ari da lehen aldiz. Euskal Selekzioa Orain elkarteari eta Nafarroako Euskal Pilota Sustatzeko Erakundea «gertakari historikoa» iruditzen zaie, eta «urteetako mobilizazio, engaiamendu eta borrokari esker» lortu dela azpimarratu dute.
Gauzak horrela, «euskal koloreak defendatuko dituzten pilotariak» zoriondu dituzte. Are gehiago, atzo bertan, bere historiako lehen urrezko domina irabazi du Euskadik Munduko Pilota txapelketan. Zesta-puntan izan da, Hondarribiko Jostaldin udako masterrean ohikoak ditugun Barandika eta Lekerikak gaina hartu diete 2 mantxa eta 1, Estatu Batuen (AEB) izenean ari diren Sorozabal anaiei. Egun historikoa izanagatik ere, gainerako kiroletan ere Euskal Selekzioak urratsak egin ditzan aldarrikatzeko borrokan jarraitu beharra dago gogoratzen du Euskal Selekzioa Orain ekimenak.
Joan den uztailaren 14an ere, frantziarren besta egun nazionalean, Euskal Selekzioaren ofizialtasunaren aldeko giza katea deitu zuten Zazpi Baietz, Gu ere Bai eta Gure Esku mugimenduek, eta Bidasoaren bi ertzak elkartu zituzten euskal selekzioa aldarrikatzeko.
Oraingoan, aldiz, Euskal Pilotaren Munduko Txapelketak agerian utzi du oraindik ere, muga dagoela. Izan ere, Amaia Larralde, pilotari hendaiarra eta Euskal Selekzioa Orain ekimeneko kideak gogoratu duenez, euskal selekzioak, gaur-gaurkoz ez ditu euskal herritar guziak ordezkatzen. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako pilotariek baizik ez dute ordezkatzen munduko txapelketan, eta Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako kirolariek ez dute tokirik bertan. «Guk ekin genion bide horri eta pozik hartzen dugu lortutakoa, baina bide horretan sakondu beharra dago, euskal pilotari guztiok ez dugulako parte hartzeko aukerarik», dio Larraldek.
Hau dela eta, Euskal Selekzioa Orain elkarteak eta Nafarroako Euskal Pilota Sustatzeko Erakundeak mugarri hau erabili nahi dute selekzio nazionalaren aldarriari bultzada emateko. «Guk gure borroka eraman dugu, eta jarraituko dugu, baina orain beste erakunde batzuen esku dago negoziatu eta urratsak egitea», gogoratzen du Larraldek, instituzio, politikari eta herritar oro Euskal Herri osoko taldearen ofizialtasunaren aldeko borrokan «tinko» segitzeko deia eginez.
Alde horretatik, Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko federazio eta klubei eskatu diete, zazpi herrialdeak batzen dituen elkarte legal eta ofizial bat osatzea. Euskal Herri osoko jokalariak bilduko dituen taldea osatzeko beharrezkoa baita Euskal Herri mailako azpiegitura juridikoa eratzea.
Aldarrikapen horiek guziak plazaratzeko, elkarretaratzea egingo dute urriaren 23an, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuko plazan, 19:00etan. Haatik, euria egingo balu, Beltzeniako Daniel Ugarte pilotalekura lekuz aldatuko lukete.