Paulo Arzelus: «Zozoak ez gara, legezko hizkuntza bakarra frantsesa dela badakigu, baina prefeta agertu zaigu orain suak piztuz bake instituzionala genuen eremu batean»

Hendaia Biltzeneko hautetsiek herriko kontseiluan urte luzeetan euskaraz hitza hartu izan dute normaltasunez. Elebitasuna ohikoa duten praktika bada ere, hau ofizialdu eta udalaren barne-araudian sartzea erabaki dutenean debekua ezarri du Frantziako Estatuak. Mathieu Duhamel suprefetak, «frantsesa ezin dela itzulpen hizkuntza izan» argudiatu du, eta Kotte Ezenarro auzapezak aditzera eman du ez duela erabakiaren kontra egingo. Paulo Arzelus (Hendaia Biltzen) hautetsiak dio, estatuak azken hilabeteetan erakutsi duen «ikuspegi identitario bakar, supremazista eta linguizidaren aurrean, gure lurraldearen errealitateari erantzunez euskaraz egin nahi» dutela.

Iraileko herriko kontseiluak onartu zuen euskarazko hitzartzeak lehenik egiteko barne-araudia, eta ondotik frantseserako itzulpena egitea. Baina Mathieu Duhamel suprefetak dio «frantsesak ezin duela itzulpen hizkuntza izan», eta beraz, debekatu egin die hautetsiei euskaraz egitea.

Hendaia Biltzeneko ordezkariek egin izan dute horrela modu ez ofizialean, hau da euskaraz hitza hartu herriko kontseiluetan, baina aukera hau legalki araudietan ezarri nahi izan dutenean sortu da arazoa estatu frantsesarekin. Hendaiako auzapezak, Kotte Ezenarrok aditzera eman du ez duela suprefetaren erabakiaren kontra egingo, eta gaia azaroaren 18ko kontseilura eztabaidara eramango duela. 

Paulo Arzelus Hendaia Biltzeneko hautetsiak «harriduraz eta haserre» hartu du prefetaren erabakia. «Azken batean euskararen kontrako beste erabaki bat gehiago da, azken bolada honetan gurutzada ideologiko bat plantan emana dute euskararen kontra egiteko», salatzen du. Era berean, Kotte Ezenarro auzapezak hartu duen jarrera ez du partekatzen. «Guk uste dugu bide guztiak jorratu behar ditugula euskararen alde, eta gaizki ikusten dugun erabaki baten aurka helegitea aurkeztu beharko zuen, gutxienez ezadostasuna adierazteko», argitu du Arzelusek. 

Gogoan hartu behar da, Hendaiako herriko kontseiluak euskara herriko hizkuntza gisa aitortzea bozkatu zuela joan den irailean. Baita aho batez onartu ere. Dena dela, auzapezaren gehiengoaren taldeak zehaztu zuen, Konstituzioaren 2. artikuluaren arabera, frantsesa Errepublikaren hizkuntza denez «Frantziako ondarearen parte den heinean, frantsesarekin batera» egiten ziotela aitortza euskarari. Argitu zutenez, aitorpen horrek, ez du euskararen erabilera publikorako eskubiderik sortzen. Izan ere, Ipar Euskal Herriko beste zenbait udalerrik ez bezala, "ofizial" hitza ez zuten testuan sartu. Beraz, balio sinbolikoa du gehiago, praktikoa baino.
 
Estatuaren ikuspegi identitario bakarra
 
Hala ere, legealdi berri guztietan herriko kontseiluaren barne-araudia onartu behar dutenez, oraingoan hautetsiek euskaraz egin eta itzuliak izateko aukera arauetan ezartzea deliberatu zuten ere. Eta hor sortu da prefetarekin arazoa. Paulo Arzelusek dioenez, «prefetak eskua sartu du herriko kontseiluak onartu duen araudian, eta berez azken urte luzeetan egin izan duguna bertan behera utzi nahi du bat-batean». Izan ere, Hendaia Biltzeneko hautetsiek aspaldian hartu izan dute hitza euskaraz kontseiluan. Eta oraingo honetan, ofizialdu nahi zuten, sendotzeko, edo aldiriko agintarien borondatearen araberako eskubidea bilaka ez dadin. «Zozoak ez gara, badakigu legalki hizkuntz-juridiko bakarra frantsesa dela, baina bi hizkuntza ditugu gure lurraldean, eta gure errealitateari erantzunez euskaraz egin nahi dugu, elebitasun bizia deitzen diogu horri», berresten du hautetsi abertzaleak. 
 
Alde horretatik, Hendaia Biltzen ez da kategorizazioetan sartzen. Erran nahi baitu, prefetak ez duela Hendaiako herriko ekontseiluak onartu duen euskararen aitortza horren kontra egin, euskara erabili eta frantsesera itzultzearen kontra baizik. Nolanahi ere, Frantziako estatuak azken hilabeteetan erakutsi duen «ikuspegi identitario bakar, supremazista eta linguizidaren irudikoa» da bere ustetan.
 
Herria ekimenetik euskara defendatzen jarraitzeko deialdia luzatu du Arzelusek, hain justu, azken hilabeteetako eraso guztiei buru egiteko xedez, Euskal Konfederazioak azaroaren 21ean Baionan deitu duen manifestazio handian parte hartzera animatuz. "Euskararen garaia da" lelopean, hizkuntza eskubideak bermatzeko lege babesa eta hizkuntza politika publiko eraginkorragoa eskatuko dituzte. Eta mehatxuen aurrean mobilizatzeko unea dela pentsatzen du Paulo Arzelusek: «gizarte zibilaren, tokiko hautetsien eta erakundeen artean kontsentsu bat eman da, eta koadro legala ez dugu batere alde, baina zenbait aitzinamendu gureak zirela uste genuen, eta prefeta piromano bezala agertzen zaigu orain, suak piztuz bake instituzionala genuen eremu batean».