Mathieu Duhamel suprefetak Hendaiako hautetsiei herriko kontseiluan euskaraz egitea debekatzeko aginduari buruz hitza hartu zuen Hendaia Biltzenek azaroaren 18 honetako kontseiluan. Baita euskaraz lehen hitza hartu ere. Iraileko herriko kontseiluan hitzartzeak egiteko barne-araudia onartu zuten, izan ere, udal ordezkariek horrela egin izan dute azken urteetan modu ez ofizialean, baina aukera hau legalki udal araudietan ezarri nahi izan dutenean sortu da arazoa estatu frantsesarekin. Suprefetaren arabera, «frantsesak ezin duelako itzulpen hizkuntza izan».
Kotte Ezenarro auzapezak iragarri zuen ez zuela erabakiaren aurka egingo. Baina azaroko herriko kontseiluan Hendaia Biltzen udal taldea izan da gaia berriz eztabaidara ekarri duena. Iker Elizalde kontseilari abertzaleak azaldu duenez, pasa den irailean herriko kontseiluak onartutako barne-araudia bertan behera geratu da, eta aurretik zuten egoerara itzuli dira. «Guk segituko dugu euskara erabiltzen herriko kontseiluan, azken honetan egin dugun bezala», iragarri du hautetsiak, «ikusiko dugu estatuak zer egiten duen horren aitzinean, horren kontra ere egingo ote duten prefetak eta suprefetak».
Alde horretatik, Kotte Ezenarro auzapezak Hendaia Biltzenek egindako hitzartzearekin bat egin duela azpimarratu du. Baina praktikan irailean onartutako barne-araudia indargabetuta geratu da. «Prefetak eta suprefetak esku-hartze bat egin dute horren inguruan, eta hori beste pausu bat da euskararen kontra daramaten gurutzadaren inguruan, horren segida dela esango nuke», dio Iker Elizaldek, «ez gaitu sorpresaz hartzen, baina haserrea piztu du pentsatzen baitugu horren gibelean asmo politiko bat badela, eta euskal herritarroi umiliatzeko borondate bat».
Aurrekari arriskutsua suposatzen duelakoan dago Hendaia Biltzeneko kideak. Izan ere, printzipio demokratiko bat zanpatu dutela dio Elizaldek, «herriak libreki kudeatzeko printzipioa urratu dute inongo lotsarik gabe». Azken eraso honi aurre egiteko, azaroaren 21ean, larunbatean Baionan egingo den manifestaldian parte hartzea berebiziko garrantzia duela gogoratu du, «beste behin ere, estatu frantsesari adierazteko hemen badela herri bat eta hizkuntza bat, eta ez dugula berak nahiko lukeen bezala galtzen utziko».
Euskal Konfederazioak azaroaren 21ean (16:00tan Lauga gelatik abiatuta) Baionan deitu duen manifestazio handian parte hartzera animatu du, "Euskararen garaia da" lelopean, hizkuntza eskubideak bermatzeko lege babesa eta hizkuntza politika publiko eraginkorragoa aldarrikatuko dute.