Herriko Etxeak sortu duen etxebizitzarako misio kargudunaren funtzioak eskax dira Hendaia Biltzenen arabera

Hiru urtetarako lanpostu berri horren funtzioak «lehen etxebizitzari buruzko aholkularitza eman, eta jarduera turistikoa eta erresidentzialaren arteko kontziliazioa sustatzea» izango dela argitu du udal gobernuak. Era berean, udalaren etxebizitza politikak zehazte aldera, etxebizitza parkearen azterketa eta behaketa lanak egingo ditu misio kargudunak. Hendaia Biltzenen ustez, «etxebizitza politika ausartagoak eta integralak» egiteko lanpostu berri horrek, bizitokiak berritzeko laguntzak, konpentsazio-neurriaren araua betearazteko edota lurzoruen gaineko proiekzioak egiteko eskumena beharko luke. 

Argi dago etxebizitza gai zentrala dela Hendaian. Izan ere, azken 20 urteetan Hendaian 5.392 etxebizitza berri eraiki diren bitartean, horietatik 1.992 bigarren etxebizitzak izan dira. Etxebizitza turistikoek duten pisua nabarmena den bitartean, hendaiarren %70ak betetzen ditu etxebizitza sozialak eskuratzeko baldintzak. Herriko kontseiluan emandako eztabaidan hainbat datu plazaratu zituzten hautetsiek. Batetik, hendaiarrek batez bestean haien diru-sartzeen %30 inguru bideratzen dutela etxebizitzara. Baina batzuk %40 eta %50 inguru bideratu beharra dutela.

Hala ere, hendaiarren %20 pobrezia egoeran aurkitzen da, urtean 13.000 euroko dirusarrera ingururekin. Iker Elizalde, Hendaia Biltzeneko ordezkariak salatzen du, eguneroko bizitza baldintzatzen duela horrek, eta «segurtasun eza eta ezinegona» eragiten duen heinean, udalgintza politiketan erdigunean jarri beharra dagoela aldarrikatzen du. 

Hartara, herriko kontseiluak etxebizitza politikak indartzeko misio kargudun bat sortzea aurrerapauso gisa ulertzen du, hala ere, Hendaia Biltzen abstenitu egin zen. Hendaia Biltzenek aspaldi galdegindako lanpostua da honakoa, eta 3 urtetarako kontratazioa egitea deliberatu dute. Baina Elizaldek dioenez, «behin halako postu bat sortzen dela, integrala behar du izan eta ez partziala». Alde horretatik, Hendaia Biltzenek lanpostu horren funtzioak eta helburuak argitzeko emendakina aurkeztu zuen herriko kontseiluan, baina abertzaleen proposamenak ez ziren onartuak izan. «Etxebizitza politika ausarta nekez egin ahal izango da, misio kargudun horren helburuak zehatzak ez badira», dio. 

Hendaia Biltzenek hainbat proposamen egin ditu ildo horretan. Batetik, etxebizitza hutsak alokairuzko merkatuan sartzeko jabeak laguntzea, eta era berean, etxebizitza jabe diren adineko pertsonei etxea berritzeko laguntzak ekartzea, «haien etxean bizitzen jarraitu ahal izateko».

Bestalde, udal politiketan etxebizitza arautzea ezinbestekotzat jotzen du Elizaldek. Eta Hendaia Biltzenen ustez, misio kargudunak indarrean dauden arauak betearazi beharko lituzke. «Konpentsazio-neurria adibidez, aurrerapauso garrantzitsua izan da, baina bigarren etxebizitza lehena bezala sailkatzen dutenak badira, etxebizitza hutsik mantendu edo sasoiko alokairuan eskaintzen jarraitzeko», dio Elizaldek, «iruzurra bada, eta herriko etxeak galtzen duen dirua da hori, lapurtzen ari diguten dirua». 

Hain justu, proposatu duten hirugarren neurriak 2,4 milioi euroko aurrekontua eskatuko luke agintaldian, lurzoruari lotuta. «Estrategikoena da, udalak hainbat lurzoru lehen etxebizitzak bakarrik eraiki ahal izateko arautu beharko luke, eta aldi berean, herriko etxeak proiekzio bat egin behar du lurrak erosteko, eta bertan etxebizitza lagundua bideratu ahal izateko», defendatzen du.  

Aipatu bezala, misio kargudun berriak ez ditu funtzio hauek bete beharko, eta «ez dute hori nahi bere misioetan, eta beraz, abstenitu egin gara», dio Hendaia Biltzeneko ordezkariak.