Abotsanitz udal gobernuan sartu bezain pronto prozesu parte-hartzailea martxan jarri zuen, eta 140 lagun bildu zituzten bi aurrez-aurreko tailerretan ez ezik, ondoko erakusketa eta alegazioak egiteko epea luzatuta, irailaren 29an hau itxi zenerako, 120tik gora ekarpen jaso ditu udalak. EH Bilduk argi du “jasangarritasuna” behar duela izan irizpide nagusia etorkizuneko Hondarribia berde bat lortzeko. Aurrera eramandako prozesuari buruz, “herria ahalduntzeko” balio izan duela uste du Garoa Lekuonak, eta “gauzak modu ulergarri batean azaldu eta partehartzea bultzatzeko” manerak daudela egiaztatu delakoan dago.
Horiek hala, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen duen zeharkako “jasangarritasun” irizpide hori “mugikortasunean eta etxebizitzan ez ezik, herrian garapena suposatuko duen proiektu orotan ere oreka mantentzeko” ezinbestekotzat jotzen du. “Naturgunez inguratua dago gure herria, eta Hondarribia garatzeak ezin du babestu beharrekoaren gainetik pasatzea suposatu”, ohartarazten du. Alde Zaharrerako ere zenbait proiektu aurkeztu dituzte irisgarritasuna hobetzeko.
“Etxebizitza politikan ere, asebeharren araberako kontzeptu aldaketa bat behar da, eredu intergenerazionala”
Lekuonaren ustetan, belaunaldi desberdinetako herritarren beharrak asetuko dituzten kale eta auzo irisgarriak behar dira, mugikortasun eta garapen jasangarrian oinarrituta, eta “etxebizitza politikan ere, asebeharren araberako kontzeptu aldaketa bat behar da, eredu intergenerazionala” bere aburuz. Paradigma aldaketa bat, alegia. “Mugikortasunean edota etxebizitzan, zoritxarrez hain berandu doa gure herria, gauzak martxan jartzen direnerako beste eredu baten beharretan gaudela, eta HAPOa aztertuta, argi dago gehiago egin daitekeela”, dio.
Garoa Lekuona, Hondarribiko EH Bilduren bozeramalea