Muliateko Gizarte Zerbitzuen bulego berria «kapritxo politiko» batengatik atzeratu daitekela dio EAJk

Koldo Nausia 2023ko aza. 2a, 11:49

Langileekin partekatutako proiektuari udal gobernuak “azken orduko aldaketa estetikoak” egin nahi dizkiola eta, obra atzeratuko ote den beldur dira jeltzaleak. “Premiazkoa” bada ere, 2024ko aurrekontuen zirriborroan obra martxan jartzeko diru partidarik ez dela aurreikusten ohartarazi dute.

Hondarribiko EAJk Gizarte Zerbitzuen eta Prebentzio Komunitarioaren bulegoak Muliatera eramateko prozesua ez eteteko eskatu dio Abotsanitzeko udal gobernuari. Jeltzaleen arabera “gaur egungo bulegoaren baldintzak ez dira egokienak zerbitzua eskaintzeko, eta lehenbailehen lekualdatzea lehentasunezkoa da”. Funtsean, udal talde politiko guztiak ados daude Alde Zaharreko Pampinot kaleko gaur egungo bulegoek ez dutela herritarrentzako irisgarritasuna bermatzen. Eta beraz, Muliatera aldatu behar direla. Baina EAJren bozeramaleak Gonzalo Carrion ‘Txalo’k salatu duenez,  argitu ez dieten bilera tekniko baten ondotik “aldaketa estetiko batzuk egiteko aitzakiarekin, kapritxo politiko batek proiektua atzeratu dezake”. Era berean, jaso duten 2024ko udal aurrekontuen zirriborroan ez dela obra egiteko partidarik aurreikusten argitu du.

Negoziatzeko prest azaldu da Carrion. Baina oroitarazi du joan den martxoan EAJ gobernuan zela, aurrekontuaren aldaketa bat egin zutela, “gobernu berriak, hauteskundeen ondoren edonor egonda ere, herritarrentzat garrantzitsuak diren proiektuak bideratuak uzteko”. Eta onartu ziren proposamenen artean, Muliaten Gizarte Zerbitzuen eta Prebentzio Komunitarioaren Departamenturako gune berria sortzera bideratutako partida zegoen. Carrionek dioenez, “duela hilabete batzuk ia amaituta dagoen obra proiektuaren kontratazioa datozen asteetan martxan jarri ezean ezingo da hurrengo hilabeteetan gauzatu, eta atzeratu egingo da”.

Aspaldiko proiektua

Irisgarritasuna hobetzeaz gain, zerbitzua baldintza hobeagoetan emateko beharra dute udal zerbitzu honetan, zerbitzua indartu eta espazio zabalagoekin herritarren beharrei erantzuteko xedea baitu udalak.

Zentzu honetan, gogoratu beharra dago, hasiera batean Presa I (Biteri pareko etxebizitza promozioan) udalak VISESArekin hitz emana zuela lokal bat erostea Gizarte Zerbitzuen bulego berria bertan kokatzeko. Baina Pampinot kaleko Gizarte Zerbitzuak eta Prebentzio Komunitarioko bulegoak lekuz aldatzeko prozesua azkartu nahian, Muliaten kokatzea deliberatu zuen EAJren udal gobernuak 2021ean, hau dagoeneko eraikia zegoelako. Urte hartan bertan proiektua erredaktatzeko 80.000 euro onartu zituzten udal aurrekontuetan. Orduz geroztik, bi urte iragan dira aipatutako proiektua osatzeko.

Zentzu honetan, Carrionek dioenez, obra-proiektua “aski partekatua” izan da, gizarte zein prebentzio komunitarioko zerbitzuetako langileen iritzia jaso baitute espazio berriaren antolaketa eta beharrei erantzuteko. Horregatik, jeltzaleek ez dute jusitifikagarria ikusten proiektuari aldaketak egiteko hau atzeratzea.