Bigarren eskuko Merka2dasoa azoka Arma Plazan ospatuko da azaroaren 11n

Antxeta Irratia 2023ko aza. 8a, 08:57

2014az geroztik Txingudiko Zerbitzuak antolatzen duen bigarren eskuko azokak hiri-hondakinen prebentziorako eraginkorra dela erakutsi du, urtean tona bat hondakini sahiesten dituelako.  Berandu baino lehen erabiltzen ez ditugun gauzei bigarren bizitza emateko erreferentziazko merkatua bilakatu da

Txingudiko Zerbitzuak-ek Merka2dasoa azoka antolatu du azaroak 11 larunbatarekin Hondarribiko Arma Plazan. 2014az geroztik antolatzen dituzten bigarren eskuko azokak ondo errotuta daudela nabarmendu du Txinzerrek. Eta hiri-hondakinen prebentziorako edo hauek sahiesteko ekimen eraginkorra dela aipatu digu Leire Zubitur gerenteak.

Urtean halako lau antolatu ohi dituzte, bina Hondarribian eta Irunen. Eta egindako azterketen arabera, azoka bakoitzean 800 bat produktu salerosi ohi dira bertan, batez bestean 300 kilo hondakindegian amaitzea sahiestuz. "Liburuak, elektrika-tresnak, altzariak, jostailuak... denetarik izan daiteke, normalean trastelekuan gordeta eta berandu baino lehen zaborretan bukatzen duen horri bigarren aukera bat eman, eta bide batez, saltzen duenak diru bat berreskuratzen du", azpimarratzen du Txinzer-eko gerenteak. Horiek hala, azoketan parte hartzera animatzen ditu bidasotarrak. Urtero tona bat baino gehiago hondakin aurrezten baitira eskualdean ekimen honi esker. 

Horiek hala, urriaren 7an Irunen egindakoaren ondotik, heldu den larunbatean, Hondarribiko Arma Plazan antolatu dute hurrengoa. Ez ohiko lekua, normalean San Pedro kalean egin ohi baitute. Goizeko 10:30etatik 14:00etara izango da, eta 30 lagunek izena eman dute. Haien artean herriko ikastetxe batek ere parte hartuko du lehen aldiz.