'Hondarribia, Gozatzeko Tokia' dio herriko ostalarien elkarteko leloak. Eta Gran Sol tabernak pintxo txapelketatik pintxo txapelketara, bere mitoa handitzen doan heinean, gastronomiaren hiriburuetako bat bilakatu da Bidasoaldeko kostaldeko herria. Izan ere, duela bi aste Itsas Etxean ospatutako Euskal Herriko Pintxo Txapelketa irabazi eta gero, Hondarribiko Gran Sol tabernak bere izena are gehiago handitu du atzo, Valladoliden ospatu den Espainiar estatu mailako txapelketan akzesita eskuratuta. Alberto Loro, Iñigo Tizón eta Mikel Muñozek aurkeztutako Euskal Herriko pintxorik onena 'Tizon' izenekoa izan da finalisten artean gipuzkoar ordezkari bakarra.
Nabarmendu beharra dago Espainiako Pintxo eta Tapa Txapelketan bederatzigarren saria dela Hondarribiko ostalari batek eskuratzen duena historian. Eta horietatik bost Gran Solek eraman dituela. Aurrekoa txapeldunorde izendatu zen 2018an. Eta bigarren saria eskuratu zuten ere Goxodendak 2012an (Pintxo Tradizional onenaren saria ere 2011n), eta Kaialdek 2005ean. Bertako Oscar Gonzalez hirugarren sailkatu zen ere 2011 urtean.
Gran Sol tabernaren kasuan, Bixente Muñozek abiatutako ibilbidea (hiru sari 2006, 2009 eta 2010ean), Mika Pop eta Mikel Muñozek jarraitu zuten gero, 2018an txapeldunorde izendatuz. Eta oraingoan, Muñozi Iñigo Tizón eta Alberto Loro batu zaizkio. Agerikoa da, Hondarribiko ostalaritzak, baina eta bereziki Gran Sol tabernako sukaldeak baduela zerbait berezi.