Ezagutu Zure Hiria: San Telmo gaztelua sakonean ezagutzeko aukera berri bat

Antxeta Irratia 2023ko aza. 22a, 22:10

Hondarribiko Arma Plaza Fundazioak antolatzen duen Ezagutu Zure Hiria ekimenaren ikasturte hontako bigarren saioa izango da azaroaren 24 eta 25 honetan. Urrian Aranzadi zientzi elkarteko Manu Ceberio historialari eta arkeologoaren eskutik, Jaizkibelgo multzo megalitikoak aztertu eta gero, hilabete honetan San Telmo gaztelua ezagutzeko aukera emango dute Fernando Cobos Guerra arkitekto eta gotorlekuen historialariaren laguntzarekin. 

Ohikoa den bezala, ostiralean (19:00tan) gaian murgiltzeko hitzaldia emango du Arma Plazan. Eta larunbatean, aldiz, gaztelura bisita gidatua egingo dute 11:00etan eta 12:30tan. Txanda bakoitzean gehienez ere 20 lagun onartuko dituzte. Eta lekua erreserbatzeko www.armaplaza-bisitak.eus edota 94364 36 77.

Hondarribiko Udalak San Telmo gaztelua 3,5 milioi euroren truke erosi eta ondare historiko gisa berreskuratzeko proiektua abian jarri zuenetik ikusmin handia piztu du piraten gazteluak. Bidenabar, 2022ko abenduaren 17tik joan den ekaina arte bisita gidatuak antolatu zituzten urte luzetan itxita egon den gotorlekua deskubritzeko, eta 3.000 lagun baino gehiagok aprobetxatu zuten aukera. Joan den uztailetik, aldiz, eraikinaren segurtasuna eta sendotze lanekin hasi zirenez itxita aurkitzen da. Beraz, oraingoak aukera paregabea suposatzen du. 

Hurrengo hitzorduak

Arma Plaza Fundazioak iragarri duenez, hurrengo Ezagutu Zure Hiria saioan Higuer itsasargia ezagutzeko aukera emango dute abenduaren 15-16an, EHUko Arkitekturako GETko katedraduna Santiago Sanchez Beitiaren eskutik.

Ondoren, urtarrilaren 12-13an Palenciatarrak, familia hondarribiar kristau baten mugarriak (XV-XX. Mendeak), otsailaren 23-24ean Udal Artxiboa, memoria kolektiboaren funtsezko pieza eta komunitatearen zerbitzurako tresna izenekoa proposatuko dute. Eta martxoaren 8-9an memoria historikoa izango dute hizpide, Memoria frankistatik memoria demokratikora. Hondarribia (1936-2023).