Pasaian, Donostian, Zarautzen, Zumaian, Mutrikun, eta gurean ere, Hondarribian itsas hondakin bilketa deialdia egin du Itsas Zaintza Sareak asteburu honetan. Mater ontzi museoak bultzatuta, uda garaian, honen inguruko sentsibilizazio lana egin ohi du portuz-portu Zero Zabor Uretan kanpainarekin. Baita plastiko handiak itsasoan arrantzatu ere, sinbolikoki bada ere. Neguan, aldiz, Pasaia San Pedroko kaian museo gisa, eskolartekoen bisitak jasotzeaz gain, auzolanean halako garbiketa ekimenak ere bultzatzen ditu.
Mater untzi museoko Sara Lizarza itsas-biologak esan digunez, itsas-hondakinen arazoa larria da, begibistan ikus daitekeena baino sakonagoa. Zientzialarien ustetan, “klima aldaketarekin batera, itsasoen kutsadura da ingurumen arazorik larriena”. Eman dizkigun datuen arabera, mundu mailan, minuturo hondakin kamioi bat jaurtitzen dugu itsasoetara. Eta horren %70a itsas-hondoetan bukatzen du betirako. Edo mikroplastiko bilakatuta. Izan ere, plastikoak ez dira desegiten, txikitu baizik, eta elikadura-katean sartzen dira. Guk ingurumenera jaurtitako plastikoak gure organismora itzultzen dira horrela, natura kutsatzeaz gain.
Hondarribiko hitzordua Kirol Kaian eman dute, azaroak 26 honetan goizeko 11:00etan, eta izena emateko info@mater.eus edota 619 814 225 zenbakira deitu behar da.