“Hondarribiko sareak” liburua argitaratu du Estitxu Ortolaizek, Hondarribiko Udalaren laguntzarekin. Herriko arrantzaleak, nekazariak eta saregileak erakusten ditu liburuak, Ortolaizek urteetan zehar egindako argazkien eta Joana Ochoteco kazetariak idatzitako testuen bidez. Hondarribiko euskal liburu eta disko azokan aurkeztu bazuten ere, heldu den urte hasieran izanen da eskuragarri.
Liburua "Axalian", "Hariya" eta "Haziya" erakusketen fruitua da. Azken bost urteetan, erakusketa hauek osatzeko Hondarribiko arrantzale, saregile eta nekazariekin izan zen Ortolaiz, haien egunerokoa argazkien bidez islatzen.
Hondarribiko udalaren kultur saileko teknikari Goio Uriarteren proposamenari jarraika, hiru erakusketetako argazki batzuk hautatu eta liburu lodi eta ederra ondu du Ortolaizek. Horretarako, Joana Ochoteco kazetariaren testuekin lagundu dituzte argazkiak, ipuin bat ere tarteko. Testuak Aritz Enparan itzultzaileak euskaratu ditu.
Liburua 2024. urte hasieran izanen da eskuragai, eta gaur egun ikusi eta irakurtzeko pentsatua bada ere, "hemendik hogei urtera" gaurko Hondarribia nolakoa den ikusteko balio dezala espero du Ortolaizek. Baita kanpokoek herria hobeki ezagutu dezaten ere.