Sozialistak kezkaturik agertu dira, azken marea bizietan “itsas-mailaren igoera dela eta, orain arte hunkituak ez ziren eremuetan ibaia gainezkatzen ari delako”. Padura baten gainean dago eskualdea, eta Bidasoa ibaiak eragindako uholdeei aurre egiteko prebentzio neurriak hartu izan ditu Irungo Udalak azken urteotan Behobian edota Dunboako kanalean ere. Eta Hondarribian ere, urtetik urtera okerrera doan egoerari neurria hartzeko beharra aldarrikatu du PSE-EEk. Joan den abuztuan eta urria bukaeran ere eman zen bezala, joan den asteburuan agerikoa izan dela diote. Iosu Alvarez zinegotziak ohartarazi du martxoak 11-12rako hurrengo marea bizia aurreikusia dagoela. Hortaz, berehalako neurriak beharrezkoak dira bere ustetan, "Irunen egiten duten bezala, hondar zakuak jarri edo zerbait egin beharko da".
Izan ere, itsas-maila 20 zentimetro gorago heltzen ari da marea bizietan azken neurketen arabera. Eta horren ondorioz ez ohiko lekuetaraino gainezkatzen ari da Alvarezek dioenez. "Minasoroeta eta Mendeluko Iosu Langileko etxeetara hurbildu da ura azken marea bizietan, etxeetan, Alkain inguruetan sartu eta baratzeetan ere", argitzen du. Hori dela eta sozialisten arabera, “uholde arriskua duten eremuak zehaztea garrantzitsua da”.
Momentuz, Eusko Jaurlaritzako URA Agentzia eta Gipuzkoako Foru Aldundira jo dute, baina Hondarribiko Udalak ere, egoeraren diagnostiko bat egin dezala eskatu diote sozialistek, baita hartu beharreko neurriak aztertzea ere. Bestalde, HAPOak itsasoaren maila eta honek izan dezakeen eragina kontuan har dezan exijitzen dute. "Duela 20 urte egindako neurketek ez dute balio, eta konziente izan behar gara errealitate berri batetara egokitu beharra dugula", nabarmendu du Iosu Alvarezek. Horretarako, berehalako neurriak ez ezik, udalak kaltetutako herritar eta kolektiboekin ere mahai bat eratzeko eskatu dute sozialistek.