Abotsanitzi «bitxi» egiten zaio EAJk orain Pasaia kaleari lehentasuna eman nahi izatea

Antxeta Irratia 2024ko ots. 16a, 11:23

Udal Gobernuak bere agintaldi planaren 18. puntuan kale hori berritzeko konpromisoa hartua duela oroitarazi diote jeltzaleei. Eta Pasaia kalea 60. hamarkadatik zaharberritu gabe dagoen bezala, «hamarkada luzeetan EAJ gobernuan egon denean, ahanzturan utzi dituen eta arrastaka daramatzaten hobekuntza ugari» egin behar direla aitortu du Abotsanitzek.

Hondarribiko EAJk Akartegi auzoko Pasaia kalea 60. hamarkadatik berritu gabe dagoela, eta Kalez Kale programaren bigarren fasetik zein 2024ko aurrekontuetatik kanpo geratu ondotik, aurtengo aurrekontuen kreditu aldaketan aintzat har dezala eskatu dio Udal Gobernuari aste honetan. Gonzalo ‘Txalo’ Carrion bozeramale jeltzalearen arabera, Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitatearen inbertsio planean aurreikusita dago agintaldi honetan bertako ur-saneamendua berritzea, eta dioenez, “udalari dagokio azaleko hobekuntzak egiteko proiektua bultzatzea, kaleko konfigurazioa zaharra eta espaloi estuak direla kontuan hartuta”.

Zentzu honetan, jeltzaleek 2024ko aurrekontuetan aurkeztutako diru partida onartu ez izana leporatu diote Udal Gobernuari. Baina duela aste gutxi aurkeztu zen agintaldi planean, 18. puntuan jasotzen dela «Pasaia kalea Mantzin-enea ingurua etabar urbanizatu eta saneamenduaren egoera hobetzeko lanak». Abotsanitz sinistua dago udal gobernuaren konpromisoa gauzatuko dela. Eta oroitarazi du 2023ko udal aurrekontuetan, oposizioan zeuden garaian proiektua gauzagarria egiteko partida ekonomikoa ahalbidetzea eskatu zutela.

EAJk orain egindako eskaera honen aurrean, Abotsanitzen ustetan deigarria da ere, gobernuan egon diren aurreko agintaldi plan zein hauteskunde programetan, aipamenik ez egotea Pasaia kalearen inguruan. Eta proiektu hau lehen lerrora ekartzearekin, jeltzaleek «herritarrak nahita nahastea eta frustrazioa sortarazteko helburua» dutela ohartarazi du Abotsanitzek kezkaturik.

Nolanahi ere, dagoeneko martxan edo proiektatuak dauden Santiago kaleko azken fasea zein Arrantzale auzoko obraren hasierako proiektuak garatu behar direla oroitarazi dute. Eta Pasaia kalea gauzagarria izango denean aurrera eramateko konpromisoa berretsi nahi izan dute.