Emakumeen eskubideen borroka lehen lerroan jartzeko eguna(k)

Koldo Nausia 2024ko ots. 26a, 14:14

Hondarribiko Emeki elkarteak ‘Emakumearen Astea’ antolatu du martxoaren 4tik 10era, baina hilaren 23a arte luzatu du hitzorduen zerrenda, genero ikuspegia landu eta adin guztietako hondarribiarrak berdintasunean sentsibilizatzeko helburuarekin.

Martxoak 8ko mobilizazio eguna ate joka dugun honetan, Hondarribiko Emeki elkarteak martxoaren 4tik 10era emakumeen eskubideen borroka balioan jartzeko antolatu duen egitaraua, eta hau iragartzen duen kartela aurkeztu berri du. 1991ean elkartea sortu zenez geroztik, 'Emakumearen Astea' antolatzen dute urtero, ahal bezainbat hondarribitarrengana heltzeko. Aurtengoan, Martxoak 8 egunero behar duela izan aldarrikatzen duen kartela hautatu dute antolatutako erakusketan. Aurkeztutako 20 kartelak ikusgai egongo dira martxoaren 4tik aurrera Arma Plazan. Baita Iñigo Aramburuk egindako irabazlearen ere.

Afitxa kontzeptuala da, eta egileak berak aitortu duenez, egutegien diseinuan lan egin izan du eta ideia sinple bat helarazi nahi izan du aparteko egutegi batekin: «Esan beharrean egun guztiek Emakumeen Nazioarteko Eguna izan behar dutela, egun guztiek martxoak 8 izan behar dutela islatzeko modurik egokiena egutegi bat zela pentsatu nuen». Eta horixe bera irudikatzen du hilabete guztiak martxoa, eta egun guztiak 8 diren urtekari bat du oinarri kartelak. Hondarribiko Udaleko Gizarte Kohesiorako zinegotziak, Josu Peñak ere, kartelaren mezuaren garrantzia azpimarratu nahi izan du, gizarte bezala, oraindik ere asko hausnartzeko dugula adieraziz. CISek egindako azken inkestek plazaratutako datu kezkagarri bat izan du gogoan. «Gizonen %44a diskriminatua sentitzen dela dio, eta uste dut gizarte bezala kristoren hausnarketa egin behar dugula horri benetan buelta emateko, Martxoak 8aren balioen aurrean ikusten dugulako parean oposizio handia dagoela oraindik», ohartarazi du zinegotziak.

Lan horretan dabil Emeki urte osoan zehar. Eta martxoa hilabete garrantzitsua dela aitortu du Tamara Sastre elkarteko presidentak. Zentzu horretan, antolatutako tailerrak, hitzaldiak, antzezlanak edota kirol hitzorduak ere, adin guztietako herritarrak hunkitzeko helburuarekin antolatu dituzte martxoaren 8aren bueltan.

Antolatutako hitzorduen artean, badira kirolari lotutakoak. Martxoak 4an Marlaxka Xake Klubarekin batera IV. Emakumeen Xake Ttopara izango dute, 18:00etan Kasino Zaharrean. Eta martxoaren 9an Bixi Bixi pala txapelketa. Gogoetarako hitzorduetan, aldiz, martxoaren 7an, Cristina Ubaniren eskutik ‘Bortizkeria eta tratu txarrak kiroletan’ hitzaldia eskainiko dute, Kultur Etxean. Eta haurrei zuzendutako genero ikuspegia lantzen duen ipuin kontalaria ere eskainiko du Lupe Lekuonak. ‘Nepaldala’ dokumentala aurkeztuko dute Itsas Etxean martxoaren 9an (19:00etan), eta Nepaleko neskek ikas dezaten laguntza biltzen duen izen bereko elkartearen sortzaileak gonbidatu dituzte, hiru emakume bidasotar direla kontuan hartuta. Bestalde, Cristina García Rodero argazkilariaren La mirada oculta dokumentala (martxoak 10ean), Maria Goirizelaiaren ‘Nevenka’ antzerki emanaldiarekin (martxoak 17an) edota ‘Masust ondoen patioa’ antzezlanarekin (martxoak 23an) osatzen dute egitaraua.

Halere, martxoaren 8a izango da aldarrikapen eguna. Egun horretan Egiluze, Ama Guadalupekoa eta Talaiako ikasleekin batera sare morea ehuntzeko ekimena ospatuko dute Martxoak 8 plazatxoan. Tamara Sastrek ekimen honen garrantzia azpimarratu nahi izan du. «Eskola bakoitzak gaia bere metologiaren arabera lantzeaz gain, garrantzitsua da hiru eskoletako haurrak topaketa horretan elkartzea eta emakumeen eskubideetaz ekintza amankomuna egitea», dio. Arratsaldean, aldiz, 17:30etan M8 Asanblada Feministak deitu duen eskualdeko manifestaldiarekin bat egingo dute, Hondarribitik Irunerako zutabea osatuz. Tamara Sastrek eman dizkigun xehetasunak entzungai dituzue ondoko erreportaian.