Garoa Lekuona Izeta

«Goiko-Errotan enplegu berdea garatu beharko genuke Jaizkibel balioan jarriko duen interpretazio zentro batekin, eta ez aterpetxe soila»

Koldo Nausia 2024ko ots. 27a, 16:09

Martxoaren 16ean Jaizkibelen bildutako ezkurretatik sortutako 93 ametza landatuko dituzte San Telmo inguruetan mendia basoberritzeko helburu duen Zuhaitz Egunean. Familientzako ekimen sinboliko hau aitzaki hartuta, mendia babestu eta balioan jartzeko beharraz mintzatu gara Hondarribiko Ingurumen zinegotziarekin.

Heldu den martxoaren 16an Zuhaitz Eguna ospatuko dute Hondarribian. 1995ean Artzuko Gregorio Berrotaran Landa Garapeneko zinegotzi zela abian jarritako ekimenak sustrai sendoak errotu ditu herrian, eta mendia basoberritzeko ekimen sinbolikoa bada ere, ia hiru hamarkadaotan 4.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Jaizkibel mendiko txoko desberdinetan.

Hasierako urteetan, lehen suteek suntsitutako basoguneak edota berez larre hutsak zirenak baliatzen zituzten zuhaitzak landatzeko. Gero Guadalupe aldamenean eta Luberri Gainan landatu zituzten ere, Artzuko bidean. Azken urteetan, aldiz, San Telmo inguruan egiten dituzte landaketak. Hiru hamarkadaotan mendien kudeaketa irizpideak aldatu egin dira, eta garai batean zuhaitzak lerrokatuta landatzen baziren, haurraren izenarekin batera, orain basotxoak antolatuz egiten da. Garoa Lekuona, Ingurumen arloko udal ordezkariak azaldu digunez, «garrantzitsuena da kolektibitatea, bertako basoak berreskuratze horretan, norberarena baino, familiei bidali diedan gutunean ere hori azpimarratu nahi izan dut, kolektibitateak duela garrantzia, eta aurtengoa 2023koen basoa izango dela».

Aurten eremu horretan dagoen pinudia kendu dute, eta hauek ordezkatzeko bertako espeziea ametza landatuko dute. Gainera, landatuko dituzten ametzak, Jaizkibel mendian bertan bildutako ezkurretatik sortuak direla nabarmendu du.

Jaiotze-tasa amildu da urteotan

Halere, inoiz baino zuhaitz gutxiago landatuko dituzte aurten. Zehazki 93 besterik ez. Hondarribiko dinamika demografiko ezkorrak, urrun utzi baititu 2011an herrian jaiotako 143 haurrak. Iazko ekitaldian dagoeneko 95 landatu zituzten (2022an jaiotakoen omenez), eta aurten bi gutxiago izango dira. «Datu kezkagarriak baino, errealitate bat da», dio Lekuonak, «baina hondarribiarren %27ak 65 urtetik gora dauzka, beraz bi errealitateak kontutan hartzen baditugu Hondarribia zahartzen ari den herri bat da. Eta hemen bizitzea zaila eta garestia da, seme-alabak edukitzea ere, baina guk herri polita eta herri bizia nahi dugu», adierazi du egoera iraultzeko erronka makala ez dela aitortuta.

Bestalde, aurtengo ekitaldian 2023an jaiotako haurren omenezko landaketaz gain, 2017an jaiotako haurrei ere makila bana oparituko die udalak. Gregorio Berrotaranek berak eskuz lantzen zituen urritza makilen ohitura gorde nahi du udalak, eta aurten 7 urteko 133 haurrei zuzendu zaie gutun bidez ere Garoa Lekuona. Esan digunez, zuzenean haiei idatzi die irakurtzen ikasteko adina dutelako, eta makilarekin batera, xendabideen liburuxka bat ere banatuko zaie Zuhaitz Egunean «mendia eta natura ezagutu eta maitatzen ikas dezaten».

Jaizkibel mendia balioan jarri

Zentzu honetan, Jaizkibel mendia zaindu beharreko altxorra dela aldarrikatzen du Ingurumen ordezkariak. Natura 2000 sareko eremu babestua izanik, mendiaren %95a Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuak kudeatzen du, baina udala bere zaintzan engaiatua dagoela dio. Bai basoberritze lanak ahalbidetuz, baita Aranzadi zientzi elkarteak 2011az geroztik urtero egiten dituen landare inbaditzaileen kontrolatzeko lanetan ere, ekosistema eraldatzen dutelako.

Dena dela, natur balioaz haratago, monumentu megalitikoetatik hasi, neolitiko garaiko zein erdi aroko errotarrien azken aurkikuntzak batetik eta Talaia bidea bestetik, turismo berdearen erreklamu ere bada Jaizkibel. «Mendia zaindu daiteke eta aldi berean enplegu berdea bultzatu, dugun altxorra zaindu eta balioan jarri», dio Garoa Lekuonak.

Zentzu horretan, gure eskualdean Aiako Harria natur parkeak, Irugutzetako labeek, Plaiaundiko hezeguneak edota Hendaiako Abadia Eremuko kontserbatorioak Asporotsttipi erlaitzako interpretazio zentroak dituzten bezala, Jaizkibel mendiaren altxorrak balioan jarri eta ezagutara emateko gune baten beharra dagoela uste du udal ordezkariak. Goiko-Errotako baserria horretara bideratu daitekeelakoan dago, eta zertara bidera daitekeen aztertu beharko dela uste du: «guk ikusten duguna da Jaizkibel babestu eta balioan jarri behar dugula, eta Goiko-Errota baserria hor dugu. Aurrekoetan egin diren planteamenduetatik desberdinduz, enplegu berdean oinarritutako proiektu bat garatzea ikusten dugu hor, ez aterpetxe soil bat». Itsas-labarra kontuan hartuko duen interpretazio zentro bat, baina Jaitzubia aldetik ere hegaztiak eta biltzen dituen natur baliabideak kontutan hartzen dituen interpretazio zentroa irudikatzen du bertan.