Itsas Etxea anbulategian zenbait espezialitate kontsulta beharrezkoak ikusten ditu Abotsanitzek

Antxeta Irratia 2024ko ots. 28a, 13:02

Osakidetzako OSI Bidasoako arduradunek erreumatologia, digestio-kontsultak, kardiologia, errehabilitazioa edota helduen odontologia kontsultak Itsas Etxeko anbulategian eskaintzeko aukera azter dezatela eskatuko du Abotsanitzek ostegun hontako udalbatzan. 

Eskualdeko lehen osasun arreta zentro berriena bada ere, Hondarribiko Itsas Etxea eskax geratu ohi zaie hondarribiarrei hainbat froga eta kontsulta egiteko. Hori dela eta, Abotsanitzek udalbatzara eramango du Osakidetzak eskaintzen dituen espezializazio zerbitzuetan hobekuntzak eskatzeko mozioa. Udal taldeak ohar baten bidez azaldu duenez, "gaur egun, hondarribitarrok ez dugu bertako anbulategian hainbat espezialitateen kontsultak
eskaintzeko aukera, eta horren ondorio, Bidasoko ospitalera edota Irungo anbulategietara jo beharra dugu".

Abotsanitzetik diotenez, jabetuak daude, hainbat espezialitateen kasuan, beharrezkoak dituzten gailuak direla medio, ez litzakeela posible izango Hondarribian zerbitzua eskaintzea, baina beste espezialitateei dagokionez, guztiz egingarria litzake haien ustetan, kostu ekonomiko gehigarririk gabe. Adibideak jarri dituzte: erreumatologia, digestio-kontsultak, kardiologia, errehabilitazioa edota helduen odontologia, besteak beste. "Gure nahia, espezialitate hauen kontsultak, Hondarribiko anbulategian ematea da, beharrezkoa den maiztasun jakin batekin, eta sinistuak gaude, gai garela herritarren bizi-kalitatea hein batean hobetzeko", azpimarratu dute. Izan ere, gaur egun gabezi hauek hondarribiar asko desplazamenduak egitera behartuta dago, suposatzen duen denbora galerarekin. Hori dela eta, ostegun hontako udalbatzan Abotsanitzek eztabaidara eraman nahi du Osakidetzako eskualdeko arduradunek aztertu dezatela aipatutako espezialitateen zerbitzuak Hondarribian bermatzeko aukera.