Uxue Criado, AEKko kideak azaldu digunez, aurtengo Korrika berezia izango da Hondarribian ere. Eta eragileak eta ikastetxeak gogotsu ari dira Korrika Kulturala prestatzen “hondarribiar ororengana iristeko”. Inoiz baino lehenago bildu da Korrika Batzordea oraingo honetan dena antolatzeko, eta otsailaren 29an ekingo diote. Teresa del Valleren ‘Teresa del Valle, bidegile eta gidari’ liburua aurkeztuko dute 19:30ean Kultur Etxean. Criadok gogoratu duenez, “Korrikaren ikerlan antropologikoa egin zuen berak”, eta hori ere izango dute hizpide. Ostiralean, martxoaren 1ean, familia antzerkia programatu dute ‘Piztu! EmakumeON energia’ lanarekin 18:00etan Itsas Etxea auditoriumean. Eta azkenik, martxoaren 9an, ‘DRAGaldia’ ikuskizunaz gozatu ahal izango da Psilocybenean 22:00etan. Aipatu dutenez 2 euroko sarrera sinbolikoa kobratuko dute.
Ikasleak protagonista
Bestalde, Talaia, Egiluze eta Ama Guadalupekoa ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek Korrika Txikia ospatuko dute martxoaren 22an. Eskola bakoitza kolore batez jantzia egongo da, eta lekukoak haien artean adostuko dituzte. Arma Plazatik abiatu eta Kale Nagusian behera, Sabino Arana kaletik Santa Maria Madalenaraino joango dira. Gari Amundarain Egiluzeko irakasleak azaldu duenez, “beti arrakasta duenez ohiko formatoan ospatuko da, baina bukaeran Gora Bihotzak erromeriarekin borobilduko dute”.
Aldiz, DBH-Batxillergoko ikasleek Korrika Gaztea prestatzen ari dira. Martxoaren 14an bertan, goizetik hasita eta Korrika herritik iragango den artean giroa berotu nahi dute, eta euren ekimenaren berri eman digute.
Hondarribiko Udalak ekimenak babesteaz gain, deialdia luzatu nahi izan die herritarrei Korrikan parte hartzeko, baita Korrika Kulturalean ere. Hondarribiarrek euskararen erabileran duten erronkaz jabetuta, halako ekimen handi batek, eragile desberdinen indarrak biltzeko duen gaitasuna nabarmendu du du Garoa Lekuona, Euskara zinegotziak. Zentzu honetan, 10 hondarribiarretik 7k euskara menperatzen badute ere, eguneroko erabileran 10etik 2k baino ez dute erabiltzen. Eta euskara hizkuntza gutxitua den heinean erakunde publikoen babesa ezinbestekoa bada ere, gizarte mailan eragile guztien inplikazioa beharrezkoa dela azpimarratu du.
Entzun jarraian Goizeko Kafean egin dugun Hondarribiko Korrikari lotutako ekimenen laburpena.