Etorkizuneko kiroldegiaren esperoan, dagoena hobetu eta balioan jarri nahi dute

Antxeta Irratia 2024ko ots. 29a, 15:50

Pandemia aurreko bazkide kopurua berreskuratzeko, ez da matrikularik ordaindu beharko maiatzaren 31a arte. Eta Hondartza kiroldegiaren bideragarritasun ekonomikoarekin arduratzeaz gain, zerbitzu egokia emateko hainbat inbertsio txiki egiten hasi dira “trantsizio” epe honetan. 

Asier Martin hondarribiarra da Hondartza kiroldegiko zuzendari berria. Azken 20 urteotan Tolosako kiroldegia kudeatzen aritu da, eta kirol instalazioetan egin nahi dituzten hobekuntzak lortzeko eskarmentu handia duela azpimarratu du udalak. “Erronka polita da etxeko kiroldegian lan egitea”, esan du gaur Igor Enparan alkatearekin batera egindako agerraldian.

Zuzendari berria da, baina aurretik erabiltzailea ere, eta argi du “Gipuzkoako herri askoren enbidia” dela Hondartza kiroldegia, “nahiz eta gauza asko hobetu behar diren”. Baina aitortu duenez, “trantsizio garai batean gaude, etorkizuneko kiroldegia nola izango den jorratzeko garaia baita, baina aldi berean daukaguna zaindu eta balorean jartzeko ere”. Helburu horrekin lanean ari da Hondarribiko Udala kiroldegia kudeatzen duen enpresarekin, “zerbitzuak hobetu eta bazkideak berreskuratzeko”.

Izan ere, pandemia aurretik baino 700 bazkide gutxiago ditu orain Hondartzak, 5.300 zehazki. Eta lehen neurri gisa, abonatu berriak animatzeko maiatzak 31 arte matrikularik ez kobratzea erabaki dute. Igor Enparan alkateak argitu duenez, “matrikula bat ordaintzeak balizko bazkideak atzera egitea ekar lezake”.

Erabiltzaileei dagokienez, urtarrilaren 2az geroztik Hondarribia Kiroltxartela Mugiment programarekin bat egiten duela orotarazi du alkateak. Txartel birtual horri esker, abonatuek sarean dauden EAEko beste 163 udalerritako kirol instalazioak erabil ditzazkete. Horretarako, bazkide izan eta KirolTxartela Mugiment APPa deskargatu behar da telefono mugikorrean.

Halere, bertako instalazioekin arduratuta, etorkizunera begira jarri nahi du Udal Gobernuak. Zentzu honetan, lanean ari dira burubelarri kiroldegiaren pliegu berriak ateratzeko. Izan ere, kirol-instalazio honen kudeaketa daraman enpresaren kontratua iraungita dagoela oroitarazi du alkateak. Haatik, “trantsizio” honetan inbertsio txikiak egiten jarraitu behar dela dio, eta espazio edo zerbitzuak itxita mantentzea ez dela aukera bat gaineratu du.

Inbertsio eta hobekuntzak

Enparanek azpimarratu du, “instalakuntzaren etorkizuna bermatzeko zenbait pausu eman behar direla”. Eta Asier Martin zuzendari berriak azaldu duenez, hiru norabidetan ari dira lanean une honetan trantsizio. Batetik, kafetegia eta tabernaren ustiaketa legea eta instalazioak egunean jartzea. Bestetik, aipatutako bazkideak berreskuratzeko estrategia kiroldegiaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko. Eta azkenik, kiroldegiak zerbitzu egokia eman dezan eta erakargarri izan dadin, hainbat inbertsio egiten ari dira dagoeneko.

Zuzendariak azaldu duenez, “pasa den astetik berriz ere abian jarri dugu jacuzzia, zenbait urtetan itxita egon ondoren”. Horrekin batera, eraikinaren argiterian inbertsioak egingo dituzte LED argiak instalatuz. “Kontsumo baxuko argiak jarriko dira zenbait tokitan, Kiroldegiaren baliabideak egokiago erabiltzeko”, esan du Asier Martinek.