Txingudiko Zerbitzuak Hondarribiko Jabier Ugarte kaleko BAZ bulegoan aurrez-aurreko arreta zerbitzua urtarrilaren 8an ireki zuenez geroztik, 100 hondarribitar baino gehiago izan dira bertatik pasa direnak. Txinzerren helburu nagusia bezeroarekiko hurbiltasuna dela azpimarratu du Leire Zubitur kudeatzaileak. «Online egin daitezke izapidetze asko, baina aurrez-aurreko zerbitzua oso garrantzitsua da, eta Hondarribiko bezeroek erakutsi dute behar bat zegoela». Izan ere, urtarrilaren 8an zabaldu zuten, eta astelehenero goizeko 8:30etatik arratsaldeko 14:00etara zuzeneko arreta eskaintzen dute, orain artean ez bezala, Irungo bulegoetara joan beharrik gabe.
Igor Enparan Hondarribiko alkateak oinarrizko zerbitzuak herritarren eskura jartzeak duen garrantzia azpimarratu du ere. «Udalera iritsi ginenetik gure helburua izan da ahalik eta zerbitzu gehien herritarren eskura jartzea, eta hau zen falta zitzaigun bakarra», argitu du. Oinarrizkoa alkatearen arabera. Izan ere, Hondarribiak 17.000 biztanle ditu gaur egun, denak Txinzerreko bezeroak. Baina ostalaritza sektore nabarmena du ere, hondakin sortzaile handiak izanik.
Zentzu honetan, Zubiturrek oroitarazi du aurrez-aurreko bulego orduetan, kontratu berriak altan eman edo ordainketak egin eta fakturei buruzko zalantzak argitzeaz gain, edukiontzi marroian alta emateko aukera ere ematen dutela bertan, baita hondakin organikoa biltzeko poltsak banatu ere. Orain artean kiroldegia zen herriko puntu bakarra horretarako.