Emeki elkarteak egokitutako emakume saregileek ehundutako arrantza-sarean, norbere berdintasunaren aldeko mezua zintzilikatuz, berdintasunaren sare morea osatzea da ekimenaren helburua. Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari lotutako berdintasun aldarria plazaratzen dute horrela, baina aldarrikapen murala herritar guztiak sentsibilizatzeko baliagarria izateaz gain, etorkizuneko gizartean eragiteko balio du funtsean. Izan ere, Emeki elkarteko Tzane Carrillok azaldu digunez, gaurko ekimena kalean ikusgarriagoa baldin bada ere, «garrantzitsuena haurrek eskoletan egindako lana» izan dela baieztatu digu.
Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren borroka eta aldarrikapenaren jatorri historikoa lantzeko proposamena luzatu zien elkarteak eskolei, eta hauek baloreetan hezitzeko lanketa egin dute egunotan. Gaur sarean bere mezua zintzilikatzera hurbiltako ikasleetako batzuekin blagan aritu gara, eta egunotan ikasgelan egindako hausnarketen berri eman digute, idatziriko mezuak aipatzeaz gain. Ama Guadalupekoako irakasle batekin ere hitz egin dugu, eta azaldu digunez adinaren araberako edukia prestatu dute Martxoak 8 suposatzen duenari buruz pedagogia egiteko.
Eskualdeko manifestazioa Hondarribitik ere
Behin plaza morez eta edukiz jantzita, M8 Asanblada Feminista Bidasoak deitu duen arratsaldeko manifestazioaren Hondarribiko zutabea, bertatik abiatuko da 17:30ean. Irungo zutabeetako batek harrera egingo die hondarribitarrei Mendelun 18:30ean. Eta gero Zabaltza plazan elkartuko dira 19:00etan Hendaiatik datorren beste zutabearekin. Hauek Hendaiako Gaztelu Zaharreko aparkalekutik partituko dira 17:45ean, eta Irungo beste zutabearekin elkartuko da Santiago Zubian 18:15ean. Eta behin denak Zabaltza plazan batuko direnean, San Juan plazaraino manifestazioa egingo dute 19:30ean manifestua irakurriz amaitzeko.