Hondarribiko Udaleko Gazteria arloak 5 eta 14 urte bitarteko haur eta gazteei zuzendutako Uda Jolas eta Uda Abentura programak antolatuko ditu aurten ere. Eta aldez aurreko izen-emate epea martxoaren 16tik 23ra zabalduko dute. Lupe Queiruga Gazteria zinegotziak azaldu duenez, «uztailera begira, Gobernu Taldeak zerbitzua hobetu nahi izan du hainbat berrikuntzarekin».
Izan ere, aurreko urteetan hainbat haur programa hauetatik kanpo geratu izan dira plaza kopurua eskaxa zelako. Joan den urtean guraso talde batek ere kexu formala aurkeztu zuen udaletxean. Izan ere, iaz udalaren eskaintzak ez zion eskaerari erantzun ahal izan. Zehazki, 42 haur Uda Jolas programatik kanpo geratu ziren, eta beste 24 gehiago Uda Abenturan.
Arazo honi aterabidea bilatu nahi izan dio Gobernu Taldeak aurten. Baina Queirugak azaldu duenez, kontratua iaz 3 urterako esleitu egin zenez, plieguak dira hartzaile kopuruak markatzen dituztenak. Zehazki, 220 Uda Jolas eta 100 Uda Abentura programan.
Halere, kontratua gehienez ere %20 batean aldatu daiteke, eta hori egin dute aurten. Orain arteko 127.424 eurotatik 150.880 eurotara emendatu egin dute, haur plaza kopurua handitzea ahalbidetuz. «Neurri horrek ez gaitu %100ean asebtetzen, jakin badakigulako Uda Abenturan eskaintako plaza kopuruak bere horretan jarraituko dutela», aitortu du zinegotziak, baina udalak kontratuarekin eskuak lotuta dituela aintzat hartuta, erabaki honek hobekuntza bat suposatuko du Uda Jolas programan. «Muga hori kontuan hartuta eta programa bakoitzaren ezaugarrien arabera aukera desberdinak aztertu ondoren, Uda Jolas programan eskainitako plazak 220tik 280ra zabaltzea erabaki da» argitu du Gazteriako ordezkariak.
Izena emateko xehetasunak
Horiek hala, berrikuntzarik handiena Uda Jolas ekimenean eskainitako plazen handitzea da. Hondarribian bizi diren 2013tik 2019ra (5-11 urte) jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute. Programa euskaraz izango da, eta txanda bakarrean egingo da uztailaren 1etik 30era, 280 plazarekin, orain arte baino 60 gehiago. Ordutegia astelehenetik ostiralera izango da 9:30etik 13:00era Talaia Bordari LHIn (Baserritar Etorbidea, 51) eta Biterin. Kuota 80,00€-koa izango da lehenengo haurrarentzat, eta 70,00 €-koa familia bereko bigarrenarentzat. Iragarri dutenez, aukeran diren plazak baino izen-emate gehiago izanez gero, zozketa egingo da.
Informazio guztia hemen: http://www.hondarribia.eus/eu/uda-jolas
Bestalde, Hondarribiko 12-14 urte bitarteko gazteei zuzendutako 100 plaza eskainiko dituzte Uda Abentura programan. Bi txanda proposatzen ditu udalak, lehena uztailaren 1etik 12ra, eta bigarrena 15etik 30era. Bakoitzean 50 gaztek hartuko dute parte. Goizeko eta arratsaldeko ordutegiarekin, kuota 140 eurokoa da.
Aurreinskripzioak online egin ahal izango dira, internet bidez http://app.hondarribia.eus webgunean edo aurrez-aurre Gazteen Zerbitzuan (Javier Ugarte kalea 6, behea).
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!