Mendelu auzoko 130 bizilagunek izenpetuta, otsailaren 19an marea-bizien aurrean prebentzio neurriak eskatu zituzten udaletxean, eta «administrazioek eskuhartu ezean» Letxunborro errekaren bazterrak auzolanean atondu eta urak gainezkatu ez daitezen obrak egiteko baimena onartu zezaten. Udalak otsailaren 29an eman zien ezezko erantzuna bide administratibotik, eta urgentziaz tramitatu zuen URA Agentziaren bitartez neurriak hartzeko eskaera ere. Hondar-zakuak jartzea onartu du erakunde honek azkenik, baina obrak egiteko baimenik ez du eman. Jakinik gainera, udalak Mendelu Uholdeetaz Babesteko Azterketa Hidrografiko bat enkargatu duela, eta emaitzen arabera hartu beharko direla erabaki horiek.
Udal Gobernuaren kudeaketa hotza
Halere, Carlos Alonso salatuak izan diren hiru auzokideetako batek aste honetan azaldu digun moduan, obra zenbaitzuk egin izan dira auzoan modu partikularrean. Baina eurek uholdeen prebentziorako «obra klandestinoak» egin dituztenik ukatzen dute. Udaltzainen aktan salaketa oker dagoela defendatzen dute. Eta haiekin bat egiten dute PSE eta EAJ udal taldeek. Gonzalo ‘Txalo’ Carrion, EAJko bozeramalearen ustetan, denen artean landu beharreko gaia da uholdeen arazoa. Baina kasu honetan, eta salaketa bat tartean egon dela, udal gobernuak bizilagunen eskaeren tramitazioa egin badu ere, «Udal Gobernuak ez du gaia ongi kudeatu».
«Bizilagunek bakarrik eskatu dituzte neurri prebentiboak, arrisku bat dagoelako, eta horretarako ez da baimenik behar», dio aurreko agintaldian Obretarako udal ordezkaria izan zenak. Argi du gauzak ez direla egun batetik bestera egiten. «Baimenak behar dira obrak egiteko, proiektua, diru partida eta bere inbertsioak. Baina bereziki nahia. Kontua da Udalak dekretu bidez erantzun duela, oso hotz, bizilagunei ez die inork galdetu», egotzi dio gobernu taldeari.
«Ezin da beti pilotak kanpora bota, aipatu da URA Agentzia, Eusko Jaurlaritza, Kostas, Txinzer ere aipatu da orain, baina Udala ez da sekulan azaltzen», dio gaineratuz, hondarribitar guztien arazo bat dela. «Herritarren ordezkaria orain Abotsanitz denez, egin behar duena da zezenari adarretatik hartu eta konpondu, EAJ prest dago laguntzeko beti, baina orain arte egin duena da dekretu bidez erantzun, lehen zioten hurbiltasun hori hotz geratu da oraingo honetan», salatu du Carrionek. Eta aipatutako baimenik gabeko obren salaketari buruz «penagarria izan da nola kudeatu duen gai hau» bere ustez.
Klima aldaketaren konstatazioa
Nolanahi ere, elkarrekin lan egiteko prestutasuna agertu du ordezkari jeltzaleak. Udalaz gaindi, beste erakunde batzuen lankidetza beharrezkoa izango dela deritzo, eta hondarribitar ororen hausnarketa, klima aldaketaren ondorioz, Mendelun ez ezik, Amuten eta Portuan ere eman beharko dela, hainbat gune direlako uholdeak areagotzeko arriskuan.«Arazoa etorkizunerako ez da, hemen dago, eta ikerketa bat egin behar da zer neurriak hartu argitzeko eta beste instituzio batzuk ere parte hartu beharko dute, bai Hondarribian, bai Irunen eta Hendaian ere», esan du.
Neurri «potoloak» hartu beharko direla iragarri du, dagoeneko zenbait arlotan hartzen hasiak diren bezala. «Adibidez etorkizunean egingo diren obra guztietan kota %10 igo beharko da, 5,80 metrotan dago orain eta 6,60 metrora igo behar da», argitu du. Eta azaldu duenez, horrek Plaiaundiko San Lorenzoko bidegorri proiektuan eragingo du ere, eta Eusko Jaurlaritza Espainiako Aldaketa Klimatikorako ministeritzarekin bilera bat hitzartu duela iragarri du hau zehazteko.