Joan den asteko udalbatzan emandako eztabaidari buruz, PSE eta EAJ oposizioko udal taldeek «auzoan giroa berotzeko asko egin dutela» leporatu die alkateordeak. Hauteskunde kanpainaren atarian gaudela «ez da kasualitatea izan uholdeen arazoak orain eztanda egitea», dio. Dena dela, Mendelu Uholdeetaz Babesteko Azterketa Hidrografiko baten azterketaren lana abiatu du Udalak «hartu behar diren neurriak oinarri zientifikoa behar dutelako», eta gaur goizean bertan auzo elkarteko ordezkariekin, udal ordezkari eta teknikariekin eta bizilagunekin batera hondar-zakuak non eta zenbat jarri beharko diren erabakiko dutela jakinarazi du. Brigadaz gain, auzotarrek kudeatu beharko dituztelako marea-bizi abisuen aurrean zakuak jarri eta kentzeko lanak. «Brigada ez da beti iritsiko, eta lan estrategia bat beharrezkoa izango da auzolanean».
Marea-biziak eta uholde politikoa
Horretarako, aurretik, 130 auzokidek otsailaren 19an Udalari luzatutako prebentzio neurrien eskaera urgentziaz kudeatu, eta hamar egunen buruan erantzun bat emateaz gain, udalak URA Agentziari eskaera egin ziola argitu du. Horri esker, hondar-zakuak jartzeko baimena jaso dute ohiko baino bizkorrago. Halere, bizilagunekin harremanetan jarri ez direnik ukatu egin du alkateordeak. Mendelu Zaharra auzo elkartea delako bertako 900 bat biztanleak ordezkatzeko tresna, eta abuztuaz geroztik auzoan jasan dituzten bost uholdeen kudeaketa eta prebentzio neurrien plangintza, haiekin landu dutela azpimarratu du.
Bestalde, atzo ostegunarekin, hiru auzokidek jaso duten «obra klandestinoak» egin izanagatiko salaketari buruz batzordea deitu zuen Udal Gobernuak. Eta «oraindik ere, ezin izan da argitu zer nolako akatsak aipatzen dituzten udalaren dekretuan». Gogoan hartu behar baita, udaltzainek martxoaren 7an eta hurrengo egunetan hiru alditan joan behar izan zutela Mendelura, uholdeei aurre egiteko baimendu gabeko obren gorabeherak aktatzera.
Estitxu Urtizbereak argitu du, dekretuaren tramitazioa gelditzeko aukera juridikorik ez dagoela, eta beraz, Igor Enparan alkateak martxoaren 27ko udalbatzan iragarri zuenez tramitazioak bere bidea egingo duela, auzokideek alegazioak egiteko eskubide osoa badute ere. Aldiz, dekretua okerra dela ondorioztatuko balitz, «dagoena zuzendu edo berri bat egin» daitekeela ohartarazi du Urtizbereak.
Erronka kolektiboa eta eskualde mailakoa
Nolanahi ere, udalbatzan emandako eztabaida antzua dela uste du. Eta benetan eman beharrekoa desbideratzen ari dela. «Uholde arriskuen arazoaren bueltan, uholde politiko txiki bat sortu da. Baina klima aldaketaren ondorioz datorrena oso larria da Mendelun eta Hondarribian, eta hausnarketa zintzo bat beharko da, non denok jarri beharko dugun gure partetik», eskatu du Hirigintza ordezkariak.
Izan ere, HAPOan erabateko eragina izango badu ere, agintariak arazoaren «oso konsziente» direla azpimarratu du, baina herritarren kasuan «ura etxeko atarian eta 20 zentimetroko putzuak etxe aurrean dituenak» baino ez duela benetan kezkatzen uste du. Eta Mendeluko baratze eta etxebizitza asko itsas mailaren kota azpitik egonagatik, eta «itsasoa batetik eta padura bestetik» bi aldeetatik urak gainezkatzen duen auzoa izan arren, Hondarribiko beste hainbat gunetan neurriak hartu beharko direla pentsatzen du epe ertainean, «larrialdi klimatikoa eta uren goratzea zientzialari gehienek hasiera batean aurreikusi edo uste baino bizkorrago doalako». Amute, Zumardia edo Portua auzoetan ere hondar-zakuetatik haratago pentsatu beharko dela iragarri du.
Halere, Hondarribia ez dago bakarrik munduan. Eta Txingudi bailarako Irun, Hendaia eta Biriatuko bizilagunek ere uholde arazoak izan dituzte azken urteetan, Bidasoa ibaiaren eta badiako paduren ur-goratze zein mare-bizien ondorioz. Hainbat neurri hartu dituzte, baina «norbere kaxa ari da lanean».
Urtizbereak aitortu digu goibel, tokiko agintarien artean mugazgaindiko harreman eta erakundeetan gaia ez dagoela agendan. «Egiari zor, partzuergoa garraioa ari da lantzen mugazgaindi bereziki, baina gai honi buruz ez da hitz egin, nahiz eta politikoki konsziente garen espazio berbera okupatzen dugula, badia, itsasoa, ibaia bera da, gero mugaren bi aldeetan araudiak eta adminsitrazioak desberdinak dira, eta biak ezkontzea nahi baino zailagoa da» azaldu du. Halere, elkarrekin aurre egin beharreko erronkarik handiena dela iragarri du. «Haizeari eta urari ezin zaizkio mugarik jarri, nahiz eta enpeñatzen garen askotan».