Emakume bat erasotua izan da beste behin ere Hondarribian

Antxeta Irratia 2024ko api. 5a, 16:11

Udalak berriz ere mobilizatzeko deia luzatu die herritarrei, herrian emandako azken eraso matxista gaitzesteko. Elgarretaratzea Martxoak 8 plazatxoan egingo dute larunbata honetan 18:30ean. 

Ostegun honetan gizon batek emakume bat erasotu zuela jakitera eman du Hondarribiko Udalak. Tokiko agintariek beren babesa eta hurbiltasuna helarazi nahi izan diote emakumeari, eta «hiriko bizikidetza hausten duen edozein indarkeriazko ekintza»  gaitzetsi eta arbuiatu du. Era berean, Udalak ohar baten bidez  «gure gizartean desagerrarazi behar ditugun jarrerak inork justifika ez ditzan edo garrantzia kendu diezaion» denok lanean jarraitu beharra dagoela azpimarratu du. Eta espazio seguruak hobetzen jarraitzeko eta erasorik gabeko hiri batean pertsona guztiak aske eta errespetatuta senti daitezen konpromisoa hartzen du. 

Hau guztiagatik, aurreko erasoetan egin bezala, udal ordezkariek Hondarribiko herritarrei dei egiten diete bihar (larunbatarekin) eraso honen aurka agertzeko, eta arratsaldeko 18:30ean Martxoak 8 plazan deitutako elkarretaratzean parte hartzeko.