Endaneako langileek grebara joatea erabaki dute. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, hilabeteak daramatzate enpresarekin negoziatzen euren lan baldintzak hobetzeko. Eta enpresak zenbait hobekuntza proposatu baditu ere, «langileen beharretatik oso urrun daude» eta ez dute funtsezko aldaketarik ekartzen. Martxoaren 26an mobilizazioak iragarri zituztenetik, astelehenero elkarretaratzeak egin dituzte enpresaren jarrera salatzeko. Eta lan baldintza duinak eta lana eta familia kontziliazioa eskatzen dute «asteburu guztiak lan egiten» dutela gogoratuz.
OarsoBidasoko LAB sindikatuak argitu duenez, «langileek mobilizatzeko hautua egin dute enpresaren mehatxu eta jazarpenen aurrean». Hortaz, maiatzaren 3an, 4an eta 5ean. Gaur, ostiralarekin, 8:30etik 20:00etara elkarretaratzea egingo dute Endanea Garden saltokiaren aurrean. Eta 12:00tan elkarretaratze deialdi zabala egin dute, herritarrak haiekin bat egitera animatuz. Asteburuan ere, larunbata eta igandean eguerdiko elkarretaratze deialdia errepikatuko dute. Eta bi egunetan 8:30etatik aurrera langileak mobilizatuko dira saltokiaren aurrean. Bestalde, maiatzaren 6an, astelehenero bezala, Hondarribiko Martxoak 8 plazatxoan kontzentrazioa egingo dute 12:00etan.