EAJk joan den astean egindako adierazpen larrien ondoren, udal gobernuak Gabarrari kalean eraikitako beilatokiaren azken epaia izkutatu duenik ukatu egin du, eta martxoaren 13an Auzitegi Gorenak ebatzitakoa Hondarribiko Udalak behar bideetatik gizarteratzen aritu dela azpimarratu du.
Gogoratu beharra dago, Auzitegi Gorenean ebatzitako azken epaiak arrazoi eman diela eraikinaren jabeei eta Hondarribiko Udalaren helegiteari. Eta udal gobernuak argitu duenez, epaia Hondarribiko Udalean jaso bezain pronto, Igor Enparan alkateak Udal Gobernu Taldeari jakinarazi zion apirilaren 15ean burututako Udal Gobernu Batzarrean. Eta lehenago, apirilaren 11n Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiei igorri zitzaiela dokumentazio hau.
Zentzu honetan, «gobernu onaren eta gardentasun saiakera zintzo bat eginez», Antxeta Irratiak joan den asteko albistean aurreratu zuen bezala, alkateak berak interesatuei informatu ziela jakitera eman dute, EAJ udal taldeak egindako salaketen aurretik. Hain justu, orain aditzera eman dutenez, apirilaren 23an alkatea Gabarrari kaleko bizilagunekin elkartu zen. Zuzenean eragina izango duten pertsonei informazioaren berri emateko. Eta hiru egun beranduago, apirilaren 26an Udal Gobernuko kideak jabekideekin elkartu ziren egoera honen aurrean zein asmo eta nola jardungo duten adosteko.
Zuzenean harremana duten eragileekin informazioa partekatu eta egin beharreko izapide administratibo guztiak egin direlakoan dago Hondarribiko Udala. Eta jendarte osora mezu zuzenea zabalduko zuenaren konpromisoa erakutsi zuen ere. Baina «bide horretan EAJ gurutzatu da oso modu bortitzean» Udal Gobernuaren arabera, «informazioa osotasunean eman gabe eta Hondarribiko Udalaren jarduna baldintzatu nahian. Finean, erakundearekiko duen errespetu eskasa erakutsiz».
Zentzu honetan, Igor Enparanek uste du udaletik gauzak egiteko beste modu batzuk badaudela erakusten ari direla. «Herritarrengandik gertuago eta sentsibilitate handiagoarekin jarduteaz harro gaude, beste behin, erakutsi da Hondarribiko Udaleko informazioa udal taldeei iristen zaiela, nahiz batzuk kontrakoa esaten duten. Kontraesankorra baita informazioa bahitzen dela esatea, eta informazio hori partekatu denaren ziurtasuna izatea», esan du alkateak. Hau guztia argituta, Udal Gobernu Taldetik «zintzotasun politikoa» eskatu diete talde politiko guztiei.