ITSASORATU

Itsas kirol eta aisialdi nautikoa denen eskura dagoela erakutsi nahi du Itsasoratu jardunaldiak aurten

Koldo Nausia 2024ko mai. 22a, 16:47

Maiatzaren 25ean Kirol Kaian ospatuko den Itsasoratu jardunaldia itsas kirol eta aisialdi eskaintzak Hondarribian azken urteotan bizi izan duen loraldiaren lekuko da. Baina erreklamu turistikoaren itzalpean sortu den sektore ekonomiko honen aukera zabala sozializatzeko helburua du aurtengo edizioak, aurreiritziak baztertu eta bidasotar ororen esku dagoen aisialdia dela frogatu nahi baitute parte hartuko duten 14 enpresek eta elkarteek.  

Joan den astean Hondarribia Itsas Herria topaketen aurreneko edizioan, Hondarribiak itsasoarengandik jasotako kultur ondarea eta herri izaera balioan jarri, eta bide batez, belaunaldien arteko transmisioa bultzatzeko helburua izan zuen Udalak. Aste honetan, aldiz, Itsasoratu ekimena proposatzen dute itsasoa begibistatik galdu gabe.

Baina gure harremana itsasoarekin aldatzen joan bada, honek ekarri duen sektore ekonomiko berri bat aintzat hartuko duen ITSASORATU azoka ospatuko dute maiatzaren 25ean Kirol Kaian. Arrantzaz haratago, aisialdi eta itsas-kirol jarduera modernoen eskaintzan erabateko presentzia lortu du itsasoak herrian, loraldi bat sortzeraino. Izan ere, jarduera ekonomiko garrantzitsua suposatzen duten herriko 14 enpresa eta elkarterekin batera, kirol, aisialdi eta eskaintza turistiko honen berri emateko azoka edo jardunaldia ospatuko dute.

Berez, hirugarren urtea du aisialdi nautikoaren jardunaldi honek, baina iaz ezin izan zen ospatu eguraldi txarra zela medio. Estitxu Urtizberea alkateordeak argitu duenez, Itsasoratu azokaren lehen edizioan turismo eskaintza gisa eta bisitariak erakartzeko helburuarekin antolatu bazen ere, oraingoan «kanpora begira baino, barrura begira antolatzea» garrantzitsua zela hausnartu eta erabaki dute Mahai Nautikoan. «Hondarribitarrekin pentsatuz» egin dutela azpimarratu du Urtizbereak oraindik ere, hondarribitar asko dagoelako ez dituenak jarduera hauek ezagutzen. «Aurreiritzi bat badago beste maila batekoak edo beste pertsona batzuentzat direla, eta erakutsi nahi dugu ez dela horrela, eta edozeinek gozatu dezakeela». Jarduera ekonomiko eta aisialdi eskaintza berri hau sozializatu nahi dute beraz egun osoko azoka honekin. Maiatzaren 25ean ospatuko da Kirol Kaian, goizeko 11:30etik 14:30era eta arratsaldez 17:30etik 20:00etara, eta bertan surfa eta paddle surfa, bela, itsas bidaiak, kirol-arrantza, ur-motorrak, coasteering, kayak… probatzeko edota informatzeko aukera emango dute 14 enpresa eta elkartek.  

Bestalde, aparteko hitzaldi bat ere izango da, arratsaldeko 18:00etan Hondarribiko Itsaskari Baita elkarteak eta Mater elkarteak antolatuta, “Itsas zaintza sarea, itsasoaren alde elkarlanean” hitzaldia hondakinen eta plastikoen kutsadurari buruz sentsibilizatzeko helburuarekin.

Parte hartuko dute enpresa eta elkarteen zerrenda osoa: CENTRAL SURF ESKOLA, HONDARRIBIKO ITSASKARI BAITA, ESTATXA, HIRUHARRI BOATS, HS2 SURF CENTER, IPAR ADVENTURE, KAYAK BASQUE COUNTRY, JCPOSEIDON, JO LASKI, NAVEGAVELA, PESCAHONDARRIBIA.COM, SANTIAGOTARRAK, SURF TEKNIKA ESKOLA, WATER JOY HONDARRIBI. Jardunaldiaren informazio guztia hemen sakatuz eskuratu