Urtetan izandako parte hartzerik apalenarekin abiatzen da Hondarribiko Erdi Aroko Pintxo Lehiaketa

Antxeta Irratia 2024ko mai. 23a, 11:04

Joan den urtean 12 izan ziren parte hartu zuten herriko ostalariak. XV. edizio honetan, aldiz, zazpi ostatu-jatetxek baizik ez dira animatu Iberiar Penintsulan Erdi Aroan eskura zeuden osagaiekin egindako pintxoen aparteko lehiaketa honetan.

Amerika deskubritu aurretik Europan ezagutzen ez genituen tomatea, dilistak, azukrea, azenorioak, txokolatea, zaintxuriak edota hainbat zereal eta fruta ezingo dituzte erabili sukaldariek. Haientzat erronka bada ere, Hondarribiko hiria nazioarte mailako Erdi Aroko Pintxo eta Tapa Lehiaketan ordezkatzeko aukeraren pizgarriak bultzatu izan ditu azken hamabost urteotan herriko sukaldariak parte hartzera. Aurtengo edizioan, aldiz, Enbata, Gran Sol, Hondar, Tatapas, Mika, Andire eta Badia tabernak lehiatuko dira Hondarribiko saria eskuratzeko. Eta  urtero modura, esan bezala, irabazleak hiria ordezkatuko du Hiri Harresituen Sareak antolatzen duen XVI. Pintxo eta Tapen Nazioarteko Lehiaketan. Aurtengoa Sigüenzan ospatuko da urrian.

Herri mailako lehiaketa ekainaren 24tik ekainaren 2ra ospatzen da, eta establezimendu parte hartzaile bakoitzak erdi aroko norbere pintxoa dastatzera emango du bere eskaintzaren barruan. Eta horren haritik, lehiaketak Erdi Aroko Pintxo Onenaren Saria ez ezik, ‘Herritarren Saria’ ere banatuko du. Horretarako kontsumitzaileek euren bozka eman beharko dute Erdi Aroko Pintxoaren Astearen liburuxkan agertzen den kupoia Arma Plaza zein Portua auzoko turismo-bulegoetan entregatuz. Sari nagusia, aldiz, profesionalek erabakiko dute. Aurtengo epaimahaia Naiara Arizmendi (Zabala jatetxea), Xabier Izagirre (Arraunlari Berri) eta Leire Etxaide (lehen sektoreko ordezkaria) osatuko dute.