Hondarribiko Gorria, Jesus Carrera Olaskoaga PCE alderdi komunistaren Idazkari Nagusi izatera iritsi bazen ere, oharkabean pasatu da bere izena eta izana orain artean. Eta errepresio frankistaren biktima fusilatuta hil eta 79 urteren ondoren, euskal komunista honen historia pertsonal eta politikoa berreraikitzen duen dokumentala, «memoria, egia eta erreparazioaren bidetik Hondarribian estreinatu beharra» zegoela diote egileek. Are gehiago jakinda, Jesus Carreraren historia ikertu, bere gorpuzkinen exhumazioa eta dokumentala bera, Hondarribitik eta hondarribitar askoren parte hartzearekin eramandako prozesu konplexua izan dela.
Frankismoak zokoratutakoa argituz
Aitor Baztarrika zuzendariak azaldu digunez, haien helburua hasieratik izan da «isilpean zegoena eta gure herrikidea izandakoaren memoria hori berreskuratzea, eta erantzutea galdera horri, zergatik orain arte 70 urtez ez zen deskubritu eta herriak eta bere familiak ere zehazki ez zekien nor zen». Dokumental honetan ikerketa eta aholkularitza historikoa eman duen Aitzol Arroyo historialariak argi du «frankismo garaian gorria zen guztia zokoratu izanak» eragin handia izan duela ahanztura horretan, eta «senideek ere galdetu izan dutenean, familian isilarena eman izan zaiela beldurragatik».
Hala eta guztiz ere, bere osabarekin gertaturikoaren zauria ixteko beharra zuten Maria eta Xabi Carrera protagonista ditu dokumentalak. Haien jakinminetik hasi baitziren Jesus Carrera Olaskoagaren gorpuzkinen bila. 2018an lortu zuten Hondarribira ekartzea Alcala de Henareseko (Madril) hilerritik. Dokumentalaren hasierako ideia ikerketa historikoa eta Aranzadi Zientzi Elkarteko forense ezaguna Paco Etxeberriak zuzenduriko exhumazio lanen berri ematea bazen ere, 1911n Hondarribian jaio eta 1945eko urtarrilaren 16an 33 urte zituela Alcala de Henaresen fusilatu eta hilobi komun batean lurperatutako pertsonaia historiko honekin zegoen zorra kitatzeko sei urteko lana eman dute azkenik.
Istorio pertsonala eta historikoa
Horretarako dozenaka testigantza bildu dituztela azaldu digu Aitor Baztarrika zuzendariak. «Batetik haren senideak, bestetik bere garaiko kamaradak eta historialari zein adituenak ere, garai aldakor haietan gertaturikoak testuinguratzeko balio izan digutenak», argitzen du. Horrela, Carreraren kamarada izan ziren Marcelo Usabiaga, Sixto Agudo, Teresa Harina, Calixto Pérez-Doñoro eta Luis Alberto Quesadaren testigantzek, frontearen lehen lerrora, nazien aurkako erresistentziara, frankismopeko klandestinitatera, torturetara eta fusilamendu pelotoietara eramaten gaituzte. Eta historia garaikidean zein estatu kolpea eta ondoko frankismoaren urteetako historialari adituek osatzen dute kontakizuna. Besteren artean, Carlos Fernández Espainiako Alderdi Komunistaren historian aditua, Mercedes Yusta Espainiako Historia Garaikideko katedraduna, Manuel Martorell kazetari eta historialari nafarra, Iosu Chueca EHUko Historia Garaikideko irakaslea, Mertxe Tranche ikertzailea, Aitor Azurki kazetari eta idazlea, Alfons Quera historialari kataluinarra edota Sabino Arana Fundazioko Iñaki Goiogana historialaria.
Memoria, egia eta erreparazioa
Nolanahi ere, alde zientifikotik eta historikotik abiatuta, baina ikuspegi humanoa ere landu nahi izan duela aitortu digu zuzendariak. Diotenez, lan handiak hartu dituzte kontakizuna osatzeko: «Askorekin ordu eta erdiko elkarrizketak izan dira, eta bildutako guztia hautatu eta piezak logika bat segitzen duen kontakizun interesgarri bat osatzeko joste lan izugarria izan da, gehienbat, sei urtetan aldatzen joan den proiektua delako, dinamikoa», azaldu digu Baztarrikak.
Dokumentalak Jesus Carreraren bizitza eta historia berreraikitzeko balio badu ere, aldi berean, eta garai haietan beste milaka lagunek bizi izan zuten frontearen lehen lerroa, erresistentzia eta klandestinitatea, tortura eta fusilamendu pelotoiak ulertzeko aukera ere ematen duela diote egileek. Eta beraz, Hondarribian jakinmina piztu badu ere, memoria demokratikoarekin interes orokorreko lana da. Dagoeneko, Hondarribian estreinatu ondoko proiekzioak lotzen hasi dira, dibulgazioa ezinbestekoa baita Aitzol Arroyoren ustetan «memoria, egia eta erreparazioaren bidetik, jendeak horren berri jaso behar baitu».
Azken emaitzarekin pozik daudela diote, eta estreinaldirako gogo handiak dituztela parte hartzaileen eta Carreraren senideen aurpegiak ikusteko. Proiektua hasi zutenean ez zeukaten tresna eskuartean daukatelakoan baitaude. «Jon Kerejeta etorri zitzaidan komentatuz, hondarribitar bat alderdi komunistako idazkari nagusia izatera iritsi omen zela», gogoan du Aitzol Arroyok, «eta Kandido Saseta bezalako figura bat bagenuelarik Hondarribian, plaza batek bere izena duena herrian, ba haren tamainako figura izan zitekeela Jesus Carrera Olaskoagarena». Nor eta zer izan zen arakatzen hasi ziren orduan, ahanzturaren hautsak arrotzen. Eta gaur da “Hondarribiko Gorria” dokumentala historiarekin zorrak kitatzeko prest dagoen eguna.
Sarrerak eskuratzeko hemen