Bideoak

"Elkar entzunaz konponbidea eraiki" elkarrizketa osorik ikusgai

Antxeta Irratia 2024ko mai. 24a, 10:56

Maiatzaren 23an Hondarribiko Kultur Etxean izandako saioan luze-zabal erantzun zien Igor Enparan alkateak herritarren galderei · Alardearen gaiaren inguruan, "adiskidetzea" helburu duela berretsi zuen, eta horren inguruan pausuak ematen jarraituko duela

Elkar entzunaz konponbidea eraiki solasaldia antolatu zuen ostegunean Antxeta Irratiak Hondarribiko Alde Zaharreko Kultur Etxean. Igor Enparan Araneta alkatearekin ordubete Alardeaz mintzo, eta herritarrei galderak modu irekian egiteko aukera eman genuen bertan. Egiari zor, Alardearen bueltako kolektibo, sentsibilitate, bizipen edota iritzi desberdinak dituzten herritarrak gonbidatu ditugu ekimen honetara, eta ezezko borobilik ez ditugu jaso. Baina nahi eta ezinagatik, beldurra dela eta ez ziren oholtza gainean hitz egitera ausartu azkenean.

Solasaldian Igor Enparan alkateak azaldu duenez, konfiantzazko eremu seguruan elkarrizketa bidean sakontzen dihardute astero. Udal talde politikoen artean ez ezik, gatazkaren konponbidean inplikatuak dauden eragileekin ere biltzen ari baitira. «Errealitatea ez da xamurra», aitortu du, baina lanean ari direla dio 1996ko gertakizunen ondotik, herrian eman zen haustura sozial ikaragarria 27 urtez mantendu delako, eta «gaixotasuna nola sendatzen den, hor dago gakoa», dio. Horregatik eragileei enpatia eskatzen die: «Izan gaitezen gai ezberdin pentsatzen duenaren azalean jartzeko noizbait, eta egoera nola bizitzen den jabetzeko. Askotan ulertzen ez ditugun gauzak ere badute bere azalpena, eta saiatu beharko ginateke arrazoimen hori ulertzen nahiz eta ez konpartitu».

Halere, orain artean egindako saiakerak ez dira nahi bezain eraginkorrak izan. Eta formula ez duela aurkitu aitortzen du. «Konponbidearen gakoa ez daukat nik, gustatuko litzaidake jakitea zein den. Biltzen garenean eragileei galdera hori egiten diet, ea zein izan daitekeen konponbidea», esplikatu du, eta jasotzen dituen erantzunetatik beste galdera bat sortzen zaiola dio: «Zuk uste duzu beste ikuspegia duen eragile batek zuk egiten duzun proposamena ontzat emango duela? Galdetzen diet, eta erantzuna ezezkoa da. Gaur egun jasotzen ditudan proposamenak desberdin pentsatzen duten eragile horiek onartuko ez dituztenak dira, eta gaude momentu batean non elkarrizketan sakondu behar dugun, espazio seguruak sortu behar ditugun eta esperantza mantendu beharra daukat, hortik etorriko dela konponbidea».

Halere, iaz, Udal Gobernura sartu eta irailaren 8a «keinuen urtea» izendatu zenaren ondotik, administrazioaren urtea izan dadila nahi duela iragarri du. «Tamalez, ez da berehalako konponbiderik eman ahal izango, baina orain artean ez bezala, Udalak tramitazio administratibo guztiak bere gain hartu ahal izatea bilatuko dugu 2024 honetan», argitu du urrats bat gehiago iragarriz. Keinuaren urtea izan den aurreko honetan ere, Udalak presio guztien foko bilakatu izanagatik «pozik» dagoela azpimarratu du. «Keinuak batzuentzako gehiegikeria izan ziren, beste batzuentzat eskax geratu ziren, eta beste batzuk eskerturik daude. Pertsonalki sufritu nuen tentsio handia bizi izan genuelako, baina ondorioak atera ditugu eta pozik gaude hika-mika eremua Udala bilakatzeagatik, eta ez Alardearen eragileen artean», azaldu du. Hainbat gauza Udalaren esparrutik geratu ziren, aldiz, eta horregatik administrazioaren urtea izan dadila bilatuko dute egin beharreko tramite administratiboei dagokienez.

Nolanahi ere, 1995a artean bezala, Alarde Batzordea eratu eta Udalak alardearen antolaketa har dezan, edota burgomaisua alkateak izendatzeko aukera galdegin zioten ikusleek egindako galderetan. Hau da, Udalak Alarde publiko, bakar eta parekidea antolatzeko erabakia har dezan.

Zentzu honetan, alkateak argi utzi du Udalak ez duela muturreko erabakirik hartuko akordiorako baldintzak emango ez diren bitartean. «95. urtera arte bezala, niri okurrituko balitzait aurten burgomaisua izendatzea gatazka gutxitu baino, areagotu egingo genuen, eta tentsio guneak haratago joango lirateke bi burgomaisu izango genituelako herrian», erantzun du Enparanek. Arriskuak ekidin nahi dituela nabarmendu du alkateak: «norbaitek pentsatzen baldin badu egun batetik bestera alkateak hartu eta urrats batekin konpontzen ahal dela 27 urtez bizi izan dugun egoera hau, uste dut ez dela horrela, eta konponbidera baino urrats azkarrekin okerragora egin dezakegun arriskua ere badaukagula. Ez dut uste inork nahiko genukeenik 96tik aurrera bizi izandako bizipen gogor horiek errepikatzea herrian». Hortaz, aterabidea akordioan datza bere ustez. «Gatazkaren konponbidean inor ez da oztopo eta ezin da inor baztertu, denak beharrezkoak dira», alkatearen aburuz, eta beraz, elkarrekin adosteko formula bilatzeko saiakeran tematuko dela iragarri du.

Bere ustez, «alardea publikoa bihurtuko da berriro baldin eta publikotasun horrek etekin gehiago ematen digun pribatua izatea baino». Bai Jaizkibel konpainiak, baita Alarde Fundazioaren izenean Alardearen ondarea babesten duen taldeak urtero hartzen duten burokrazia lana eta antolaketa gastuak gogoan ditu alkateak, eta publikotik finantzatu beharko liratekeela uste du. Baina «ezin duguna da bortxatu publikotasun bat horrek gatazka piztea ekarriko badu berriro», dio. Argi du Alarde bateratu bat lortzeko elkarlotzen gaituen puntua bilatzeko lanetan sakondu beharra dagoela oraindik, «publikotik antolatzeak eragiten baldin badu Ertzaintzak berriz etorri behar duela Hondarribira batzuk eta besteak banatzera, aurretik beste gauza batzuk egin behar direla», uste baitu Enparanek. 

Albiste buruan elkarrizketa osoa bideoan ikusgai duzue. Jarraian berriz, audioan entzungai. Eta maiatzaren 25ean, larunbatarekin, astearen bilduma egiten duen Aztarka irratsaioaren bigarren orduan hedatuko du Antxeta Irratiak, 10:00etatik aurrera.

Argazki guztiak: Alaine Aranburu/Bidasoko Hitza