Hondarribiko Udala 2023ko azaroaren 28tik UEMAko 104. kidea izatera pasa zen heinean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea bidelagun du euskararen erabilera sustatzeko ekimenetan. Haren eskutik dator, hain justu, 'Bertatik Bertara' kanpaina. Udaleko Euskara Sailetik hirugarren sektoreko eragileekin udaberrian egindako lanketan adostu zuten bide-orriarekin bat egiten du. Garoa Lekuonak, Euskara hautetsiak maiatzaren 29an Euskara Mahaia eratzearekin batera iragarri zuen, «zerbitzuen sektorearen paisaia linguistikoa euskalduntzea» zela uda honetarako ezarria zuten aurreneko helburuetako bat. Eta Euskararen Erabilera Sustatzeko Plan Estrategiko berriak herriko eragileekin garatzea aurreikusten dituen 44 ekintzetako bat honakoa da.
Zentzu honetan, herriko komertzio eta ostalaritza establezimenduak «bisitarientzako ez ezik, bertakoentzat euskaraz eskaintzen direla bermatu beharra» dagoela azpimarratu du Lekuonak.
Bertatik Bertara kanpaina
Dena den, UEMAren baliabideak ere mugatuak dira. Eta ekimen honetan 10 eta 15 parte hartzailerekin hastea aurreikusten zuen Udalak. Azkenik Alde Zaharra, Portua eta Kirol portuko 12 tabernak bat egin dute, eta Euskara zinegotzia balorazio baikorra egin du, orohar, eta bereziki «karta euskaraz ez zuten horien aldetik jasotako jarrerarekin».
Ekainaren 25ean martxan jarri duten ekimen honetan parte hartuko duten taberna eta jatetxeei kanpainaren irudia eta hiztegia duten manteltxoak eskaini zaizkie, euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegi fisikoak edota kanpainaren kartelak ere, non QR kodigo bati esker, euskaraz aritzeko hiztegi digitala topatuko duten gaztelera, katalana, galiziera, frantsesa edo ingelesera itzulia. Era berean UEMAk, lehen aldiz, turismo bulegoetan eta bisitariak hartzen dituzten ostatu, nekazal etxe eta bestelako establezimenduetan zabaltzeko diptikoak ere prestatu ditu sei hizkuntza horietan.
Hauek dira kanpainan parte hartzen duten herriko taberna eta jatetxeak: El Curry Verde, Basque taberna, Casa Santamaría, Tatapas, Larra, Batzokia jatetxea, Txantxangorri, Branka, Gran Sol, Ondarribi, Hondar eta Ortzadar.