Higer itsasargiko bidean errail bat irekiko dute asteartean

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 8a, 07:24

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, trafikoa semaforo bidez erregulatuko dute, luiziak eragindako kalteak konpontzeko obra osagarriak bukatu bitartean. Aurreikuspena da errepidea osorik abuztu hasieran ireki ahal izatea.

Martxoaren 3tik, Hondarribiko GI-3361 errepidean, Higer itsasargirako bidea, itxita dago ezkerreko ertzean dagoen mendi-hegalean emandako luizi baten ondorioz. Harrezkero, ezpondari eusteko lanak egin dituzte, eta ezponda egonkortu ondoren, errepidea uztailaren 9an (asteartea) 10:00etan irekiko dute zirkulazioarentzat.

Orotara 3.300 metro kubo lur mugitu zituen martxoaren 2ko erorketak, eta segurtasun neurri bereziekin haiek errepidetik kentzen aritu ziren lehen asteetan. Horrez gain, 1.300 metro karratuko sare bat jarri dute mugitu zen mendiaren labarrean, 12 metro luzeko burdinezko haga batzuekin, dena segurtatze aldera. Halere, oraindik egiteke daude luiziak eragindako bide zoruaren, euste sistemaren eta drenatze sistemaren obra osagarriak. Hortaz, lan horiek egiteko errei bakarra irekita egongo da momentuz, eta zirkulazioa semaforo bidez txandakatuko dute. Era berean, eremu horretan obrak egiten ari direnez, orain artean bezala, Higer itsasargira igotzeko ordezko ibilbide gisa Kai Berriko Pierre Lhande kalea erabili daiteke.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikuspenen arabera, hilabete beharko da, gutxi gorabehera, egiteko falta diren lanak bukatzeko. Eguraldiak lanen egutegia errespetatzen badu, errepidea abuztuaren hasieran irekiko lukete normaltasunera itzuliz.