Zero Zabor Uretan kanpaina pedagogiko eta zientifikoa Hondarribiko portutik ariko da lanean lau egunez

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 17a, 16:15

Mater untzi museo ekoatiboak lau egun emango ditu Hondarribiko Kai Berrian. Uztailaren 21ean Getariako bidea hartuko du, baina tartean, tailerrak, bisita gidatuak eta mikroplastikoak arrantzatzeko ateraldia ere proposatzen diete bidasotarrei. "Zaborrik hoberena sortzen ez dena" dela, eta itsas hondakinen arazoaren larritasunaz kontzientzia har dezagun portuz-portu ibiliko dira uda honetan ere. 

Negua Pasai Antxoko portuan ematen duen Mater untzi museo ekoaktiboa Hondarribiko Kai Berrira iritsiko da ostegun honetan, Hondarribia Zero Zabor Uretan kanpainaren ibilbidean ezinbesteko portua baita urtero. Bertan izango da uztailaren 21a arte. Eta lau egun hauetan, hainbat bisita gidatu eta tailer proposatzeaz gain, itsas hondakin eta mikroplastikoen arrantza egitera ateratzeko aukera emango du ere.

Euskal Herriko itsasbazterretan zehar dabil urtero, gizakiok eragiten dugun, baina ekidin dezakegun itsasoen kutsadurari buruz kontzientzia sortzeko kanpaina egiten, Gipuzkoako eta Bizkaiko portuetan. Izaskun Suberbiola, Mater untziko zuzendariak azaldu duenez, egurrezko azken euskal atunontzia museo gisa ez ezik, plastikoak arrantzatzeko egokitu egin zuten. Eta lan zientifiko bat ere egiten du urtero, hurbiltzen diren herritarrak kontzientziatzearekin batera. «Uda bukaeran bildutako hondakin guztien zerrenda osatzen dugu, eta kutsatuen dauden portuak zehaztu dezakegu», argitzen du. 

Izan ere, Hondarribiaz gain, Pasaia, Getaria, Mutriku, Ondarroa, Bermeo, Portugalete eta Bilboko portuak bisitatuko ditu udaldi honetan. Horretarako hainbat bolondres eta 5 hezitzaile eta zientzialarik osatzen dute ingurumenaren aldeko eskifaia berezi hau. Haien artean, Sara Lizartza, Mater ontziko itsas-biologa. Azaldu digunez, itsas hondakinen eta mikroplastikoen arazoa da klima aldaketarekin batera gure planetak duen ingurumen arazorik larriena. «Kalkulatzen da urtero 8 eta 12 milioi tona artean plastiko jaurtizen dugula itsasoetara mundu mailan. Hori zabor kamioi bat da minuturo», dio oso modu grafikoan.

Hala ere, arazoaren larritasuna ez da begibistakoa, plastikoen %70a itsas hondoan amaitzen duelako. Eta gainerakoaren parte bat Zero Zabor Uretan bezalako kanpainekin berreskuratu edota itsas-korronteek kostaldera itzultzen badute ere, gehiena mikroplastikoa bilakatzen dela ohartarazi du. «Txikitzen doaz eta ez gara ohartzen, baina gure organismoan amaitzen dute, kate-trofikoan sartzen direlako. Gatzan eta esnean ere topatu izan dira mikroplastikoak», azpimarratzen du. 

µHau eta gehiago deskubritzeko aukera emango dute lau egunotan Hondarribiko Kai Berrian. Igandean Hondarribitik Getariarako bidea hartuko du Mater museoak, baina aurretik, larunbatean 10:30etik 14:00etara mikroplastikoak arrantzatzera aterako dira izena ematen duten herritarrekin batera. Portuan, aldiz, hainbat dinamika eta sormen birziklatze tailer ere egingo dituzte bildutako hondakinekin, goiz eta arratsaldez. Eta ostiralean, bisita gidatuak antolatuko dituzte 11:00-14:00 eta 17:00-20:00 ordutegian.

Haien helburua da kanpainaren leloa ona egitea: "Zaborrik hoberena, sortzen ez dena". Izena emateko info@mater.eus edo 619 81 42 25 zenbakira deitu behar da. Gainerako informazio guztia Zero Zabor Uretan kanpainaren webgunean duzute.