Hondarribiko Udal Gobernuak gazteen aldarrikapenekin bat egiten du fondoan baina ez formetan

Koldo Nausia 2024ko uzt. 17a, 16:35

Igor Enparan alkatea Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako kideekin bildu da eguerdian, San Telmo gazteluaren okupazioa hasi zenetik 24 ordu ere iragan ez direnean, eta gazteen ondoko akanpada oraindik ere martxan dela udaletxean. Gobernuak gazteen aldarrikapenekin fondoan bat egiten duela adierazi die elkarlana bidea dela argituz, eta gogoratuz «borondate osoa edukita ere, Udalak ezin duela egun batetik bestera egoitza berri bat asmatu». 

Hondarribiko Udal Gobernuak Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak egiten dituen aldarrikapenak ulertzen dituela argitu du, bereziki turismo eredua eta etxebizitza zein espazio publikoari dagokionez, eta gaztetxe batentzat egoitza bilatzeko bideorri argi bat proposatu eta elkarlanerako konpromiso zintzoa adierazi die Igor Enparan alkateak gaur bertan haiekin izandako bileran. Hala eta guztiz ere, Udalak bere mugak dituela jakinarazi die, eta borondate osoa edukita ere, «egun batetik bestera Udalak ezin du egoitza bat asmatu». 

Era berean, gazteen beharrak ulertuta, haien eskaeren «fondoarekin» bat egiten badu ere, erabilitako «formarekin» ez dator bat alkatea. Antxeta Irratian argitu duenez, joan den astean Gazteria arloko ordezkariarekin hitz egin zuten gazteek eta haien beharrak jakinarazi zizkioten Udalari. «Herriko eragile guztiekin bezala, beraiekin biltzeko eta lankidetzan aritzeko prestutasun osoa dugu», argitu du Enparanek, «baina herriaren ondasuna den San Telmo gaztelua okupatzearen aurrean, agintari bezala arduratu egin gaitu», aitortu du. Udal ordezkarientzat «egun latza», izan dela nabarmendu du Enparanek. Eraikinaren egoera zein den kontuan hartuta, segurtasun arrazoiak zirela eta okupazioa bertan behera utz zezatela eskatu zien atzo bertan alkateak, eta ezezkoaren aurrean Ertzaintzak desalojatu egin behar izan zituela gogoratu du. Gazteek «presentzia poliziala gehiegikeritzat» jo dute, 30 lagun zirelako okupazioan eta 15 polizi armatuk parte hartu zutelako bertan, bi lagun identifikatu egin zituztelarik. 

Ondoren, gazteek ordu hauetan oraindik ere mantzen duten udaletxeko arkupetan egindako akanpada egitea erabaki zuten goizeko 02:00etan. Izan ere, udal agintariekin gaur egindako bileraren ondotik, herriko gazteriari bertara hurbiltzeko deia berretsi egin du Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak sare sozialen bitartez. Hartara, arratsalde-gaueko programazioa ere jakinarazi du. 17:00etan asanblada deitu dute erabaki bat hartzeko. Baina ondoren badminton txapelketa (18:00tan), afari mendaria (19:00tan) eta 20:30etik aurrera irakurketa antolatu dute.

Bien bitartean, Hondarribiko Udalak elkarteei egoitza bat eskaintzeko dituen zailtasunekin batera, Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak egiten duen exijentziari erantzuteko alternatibak aztertu beharko ditu. Udalak espazio publikoen falta nabaria du elkartegintzaren beharrak asetzeko. Baina Igor Enparan alkateak adierazi dien «konpromisoa irmoa» bada ere, gazteen beharrak eta administrazioaren ahal eta epeak desberdinak izan ohi dira beti. Momentuz, konpromisoa hartu du Udalak, baina hurrengo bilera batentzako hitzordurik ez dute finkatu.