Urmugaren Urtantaren aurreneko ekitaldia Hondarribian ospatuko dute Nestor Basterretxea omenduz

Koldo Nausia 2024ko uzt. 19a, 08:30

Et Incarnatus Orkestra eta Donostiako Orfeoiarekin batera, ehundik gora lagun bilduko dira uztailaren 22an, Arma Plazan jarriko duten 14 x 12 metroko eszenatoki gainean. Nestor Basterretxeak herrian utzitako aztarnaren tamainako omenezko ekitaldia eskaini nahi diote Urmugaren Urtantaren aurtengo edizioaren estreinekoan.

Itsasoa, mendia eta musika uztartzen dituen egitasmo kultural honetan, arte disziplina desberdinek indarrak biltzen dituzte, hain justu, Nestor Basterretxeak egin zuen bezala. Duela bi urte Elcanoren mundu bira izan zuten Urmugaren Urtantan ardatz. Aurten, aldiz, ekimenaren filosofiarekin bat datorren Basterretxea hautatu dutela azaldu digu Miguel Zeberiok, Urmuga Kultur Elkarteko kideak. «Historia luze eta oso anitza izandako sortzaile bat izan zen. Sorkuntzan ere oso esparru desberdinak jorratu zituena, eta gainera, sinestuta gaude gure euskal ondareari ekarpen oso inportantea egin ziola, berritzailea izan zelako eta dizplina oso anitzak landu zituelako, arte plastikoetan bereziki, baina baita argazkigintza, zinemagintza edota diseinu industrialean ere».

Zabaltasun hortatik erakusgarri iruditu zaien lagin bat hautatu dute ‘Urmugaren Urtanta: Nestor Basterretxea Gogoan’ ikusgarria osatzeko. Basterretxearen eskultura serie kosmogonikoan oinarritutako emanaldia prestatu baitute. Hain justu, Arma Plazak buru duen eskultura (Paradorearen albo batean), bilduma horren parte da. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, talde artistiko «eklektiko eta zabala» aritu da elkarlanean ekitaldia osatzen. Eta uztailaren 22an gaueko 22:00etatik aurrera 100 lagun baino gehiago pasako dira taulagainetik.

Musika arduraduna Jon Esnaola izango da, eta Et Incarnatus Orkestra eta Donostiako Orfeoia izango dira entzungai. Haiekin batera bina artista xiberutar eta nafarrek parte hartuko dute. Olaia Intziartek eta Maika Etxekoparrek kantua jarriko duten bitartean, narrazioa eta antzezpena Titika Rekalt eta Etxekoparren esku izango da. Aldi berean, Asisko Urmenetak Carlos V. Paradorearen hormetan proiektatuko dituzten zuzeneko marrazkiak egingo ditu. Ikuskaria «intismista, abstraktoa, onirikoa eta mundu teknologiko hontatik pentsamenduen mundura garamatza» Zeberioaren ustetan. Eta iragarri duenez, argi-joko eta girotze aldetik ere sorpresa ugari egongo dira, eta biharamunean Arantzazuko santutegian errepikatuko dute ikuskaria, eta Urmenetaren marrazkiak bertan proiektatuko dituzte.  

Hondarribiko estreinekoa aparteko ikusgarria izango delakoan, Hondarribiko Udalak hasieratik babestu nahi izan duen egitasmoa da honakoa. Eta Ortzi Alonso Kultura zinegotziak kontzertura hurbiltzeko gonbidapena egin die herritarrei. «Nestor Basterretxea jaio zeneko 100. urteurrena betetzen da aurten, eta udal ekitaldi nagusia urrian izango bada ere, astelehenekoa gogoratzeko modukoa dela uste dugu», iragarri du udal ordezkariak.

Ekitaldia aberatsa eta anitza izango da. Eta hori nabarmendu nahi izan dute Nestor Basterretxearen senideek ere. Haren alaba Monika Basterretxea eskertuta agertu da omenaldi honetan musika, natura eta herri baten nortasuna uztartzen direlako. «Aitari aniztasun hori ere asko gustatzen zitzaion, eta identifikatua sentituko litzake, eta ziur nago ikuskizuna asko gustatuko litzaiokela», esan du ekimenaren agerraldian.