Ume sahararrei ongi etorria eta haien harrera familiei esker ona eman diete udaletxean

Antxeta Irratia 2024ko uzt. 19a, 11:18

Tadamun elkarteak Oporrak Bakean programa suspertzea lortu du aurten Bidasoaldean. Atzo arratsaldez udal ordezkariek Hondarribian uda igarotzen ari diren Aljeriako La Hamada basamortuko errefuxatu akanpalekuetako 9 haur sahararrei eta haien harrera familiei ongi etorria eman zieten udaletxeko areto nagusian.

Joan den urtean haur bakar bat etorri ahal izan zuen bitartean, aurten 9 harrera familia animatu dira Hondarribian, Tadamun elkarteak gure eskualdean egin duen Uda Bateko Besarkada kanpainarekin bat egitera. Igor Enparan Alkatea, Josu Peña Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia, Garoa Lekuona bigarren Alkateordea eta Trini Fernandez Tadamun Elkarteko ordezkaria izan ziren udaletxeko areto nagusian egindako harrera ofizialean. 

Mendebaldeko Sahara Marokok okupatu eta Espainiako Gobernuak abandonatu zuenetik 48 urte iragan dira, eta nazioarteko interesek blokaturik 175.000 saharar inguru erbestean errefuxaturik bizirauten dute orduz geroztik laguntza humanitarioari esker. Aljeriako basamortuan antolatutako bost kanpaleku handietan daude, Aaiún, Auserd, Esmara, Bojador eta Dajla, Marokok eraikitako 2.400 kilometroko defentsa-hesi militarra eta mina antipertsona batean, eta basamortua beste aldean daukatela, aire zabaleko kartzela erraldoi batean.   

Udako muturreko beroaldietatik ihes egin, ondo elikatu eta osasun frogak Osakidetzan egiteko aukera izaten dute haur hauek bi hilabetez. Aurten ekainaren 30ean 199 ume iritsi ziren EAEra, eta horietatik 76 Gipuzkoara. Hortaz, harrera familien eskuzabaltasuna eskertu nahi izan zuen atzoko ekimenean Igor Enparan alkateak hondarribiarren izenean. «Beraiek laguntzeko euskal uholdea handia da, eta aurten Hondarribian 9 haur daude, eta esker bereziak helarazi nahi dizkiet familiei beraientzat oasi hau posible egiten dutelako». Oroitarazi beharra dago, urtero neguan antolatzen den Elikagaien Euskal Karabanak ere aparteko erantzuna duela gure eskualdean. Aurtengo otsailan Gipuzkoan bildutako 40 tona elikagaietatik 10 tona Irun-Hondarribian jaso baitziren supermerkatu eta eskoletan. 

Irunen, aldiz, ez du Udalak oraindik halako harrera ofizialik egin. Baina bertan ere, beste 5 ume daude 4 harrera familiatan banatuta uda Bidasoaldean pasatzen. Tadamun elkartea pozik azaldu da aurten Oporrak Bakean programa berraktibatzea lortu dutelako. COVID pandemiaren ondorioz, uda batez gelditu egin baitzen, eta asko kostatu zaie harrera familiak berriz animatzea. Garai batean urtero 25-30 haur inguru etorri ohi ziren Irun-Hondarribira.