Harrera elkartearen alde izanen da larunbat honetan Hondarribiko Sagardo Eguna

Aitor Errazkin 2024ko uzt. 24a, 12:48

Arratsaldeko 18:00tatik 21:00tara zortzi sagarno ezberdin dastatzen ahalko dira Hondarribiko Madalen plazan.

Hondarribiko Sostengu Taldeak antolaturik, Harrera Elkartearen alde izanen da aurtengo Sagardo Eguna. Orotara 8 sagardotegik parte hartuko dute, eta berritasunen artean Urnietako Altuna sagardotegia dago. Aurten lehen aldia izanen da Hondarribiko sagardo egunean parte hartzen dutela.

Edalontziaren prezioa 10 eurokoa izango da, eta pintxo bat jateko aukera emanen du, ondoren pintxo bakoitza euro baten truke eskuratzeko aukera izanen delarik. Aurten lorturiko dirua Harrera, euskal preso eta iheslari ohiak bergizarteratzean laguntzen dituen elkartearen alde izanen da. Iñigo Larrazabal antolatzaileak azaldu duenez, historikoki espetxeetan zirenak laguntzeko antolatu badute, aske gelditzen diren presoek ere laguntza handia behar dute, eta horrek eraman ditu aurtengo ekitaldia Harreraren alde antolatzera.

Beko Errota, Altuna, Larregain, Lizeaga, Oia, Oialumezar, Petritegi eta Zabala sagarnotegietako sagarnoa dastatzen ahalko da Madalen plazan. Pintxoei dagokionez, Hondar, Txantxangorri, Rafael, Alkanadre, Yola Berri, Zabala, Gran Sol, Enbata, eta Branka ostatuen laguntza ukan dute, baita Olagarro elkartearena ere.