Aurtengo Hondarribiko Jaietarako hiru aste falta diren honetan, Udalak gaueko musika eskaintza jakitera eman du. Hala, belaunaldi ugari lotzen dituen Zea Mays taldeak irekiko ditu bestak irailaren 6an, eta publiko aldetik antzeko uztartzea lortzen duten Doctor Deseo bilbotarrek hartuko dute lekukoa irailaren 7an, larunbatez.
Hilaren 6an, Zea Maysez gain Azkura DJa ere ariko da Bentan urtero legez jarriko duten karpa nagusian. Igandean, irailaren 8an, Akerbeltz erromeria taldeak irekiko du gaua, eta 50 urte bete berri dituen DJ Bullek itxi.
Asteleheneko gaualdia Psilocybe elkartearen eskutik etorriko da, eta Euskal Herriko eszena gaztean izen konfirmatuak tokiko talde berriekin nahasiko dira. Hondarribiko rap kolektiboa den Hok Ttuk Amalauk hartuko du lehenik Bentako oholtza, ondotik Bizkaitik heldu diren Belako eta J. Martinak jarraituko dutelarik. Pop eta rock musikak doinu frexkoagoekin nahasten dituzte bi taldeok, eta gazteengan erreferentzia nabaria sortu dute azken urteetan.
Asteartean berriz, irailaren 10ean, oholtzei agurra ematen ari den Esne Beltzak Hondarribian azken geldialdia eginen du, aurten egiten ari diren azken biraren baitan. Behin betiko agurra berriz 2025erako iragarri duten kontzertu handi batean emanen dute. Asteartean haiekin batera gaua bukatzeko DJ Elepunto bizkaitarra ere izanen da.
Irailaren 11n "Lo mejor de Yllana" antzezlanak itxiko ditu 2024ko bestak, Bentan.
Ortzi Alonso Hondarribiko Kultura hautetsiak egitarau zabal eta landua nabarmendu du: "Benta eta Arma Plaza epizentroak izanik, kalitatezko musika eskaini nahi izan dugu, publiko gazte eta ez hain gaztearen arteko oreka bilatuz, gustu musikal ezberdinekin, mundu guztiak goza dezan".
Hain zuzen ere, aipaturiko bi oholtza horiez gain, Kasino Zaharrean ere izanen da eskaintzarik. ‘Gazte Kanttua’ gunean nerabeentzat berezi prestaturiko musika eta ikusgarriak izanen dira jaiek irauten duten artean.