Azken hamarkadetan Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baimendutako manifestaldia izan bada Jaizkibelen desfilea Hondarribian, Antxeta Irratiak jakin ahal izan duenez, aurten konpainia bezala desfilatzeko baimena eskatu dio Jaizkibelek Hondarribiko Udalari, eta honek emango diela. Hala, Alarde Fundazioari zein Jaizkibeli baimenduko die Hondarribiko Udalak irailaren 8an herriko kaleetatik desfilatzea.
Izaskun Larruskain konpainia parekideko kideak argitu duenez, orain arte manifestazio bezala atera izan dira, «ez genuen beste aukerarik, zeren Udalari galdetu izan diogu, eta baimena ematen zigun 11:00etan edo 11:30ean baina beste kale batzuetatik, ez alardearen ibilbidetikan, eta horregatik jarraitu dugu manifestazio bezala urte askotan aldarrikatzen guk nahi genuena». Aurten, berriz, Jaizkibel konpainiak baimena Udalari eskatu dio lehendabiziko aldiz. «Ez gara izango manifestazioa, izango gara konpainia bat gehiago Udalaren baimenarekin, aldaketa garrantzitsua da ez delako hau inoiz gertatu», azpimarratu du Larruskainek.
Udalaren konponbiderako bide-orria
Igor Enparan Hondarribiko alkateak Antxeta Irratiak joan den maiatzaren 23an antolaturiko mahai inguruan esan zuen iazkoa «keinuen urtea» izendatu ondotik, aurtengoa administrazioaren urtea izan dadila nahi zuela. Iragarri zuen baimen guztiak Udalak kudeatzeko lanean ari zirela. Esan eta egin, urrats bat gehiago emango du Hondarribiko Udalak aurten, nahiz eta alkateak berak aitortu duen «tamalez, ez dela berehalako konponbiderik eman ahal izango, baina orain artean ez bezala, Udalak tramitazio administratibo guztiak bere gain hartu ahal izatea bilatu dutela 2024 honetan». Udal Gobernuak aitortu duenez, astero-astero ari dira biltzen alardearen aferari konponbide bat bilatzearren. Eta iaz abiatutako ibilbidea nahi bezain azkarra ez bada ere, urratsak ematen doaz.
Bide horretan sakonduz, aurtengoa «administrazioaren urtea» izango da, Jaizkibel konpainiak baieztatu digun bezala, Udalak Alardeari zein Jaizkibel konpainiari eremu berean desfilatzeko baimena lehen aldiz eman izana dinamika honetan sartzen baita zalantzarik gabe.