“Hondarribian bizi nahi dugu” kanpainaren hitzak ekintzetara eramateko 15 hilabeteotan Abotsanitzek gaitasun falta erakutsi duela dio Hondarribiko EAJk. HAPOaren prozesuaren berri emateko udal taldeekin bilerarik ere ez dutela egin, eta etxebizitza turistikoen aferan, aldiz, Eusko Jaurlaritzari «exijitzeaz gain», hirian jarduera hori arautzeko Udalak ahal duen guztia ez dela egiten ari leporatu diote tokiko gobernuari.
Etxebizitza arazoari dagokionez, bigarren etxebizitza Hondarribiko 8.200 bizitoki inguruko parkearen %11 besterik ez dela azpimarratu du Carrionek. Nahiz eta turismoaren presioa handiena duten auzoetan (Alde Zaharra, Portua, Akartegi eta hondartza inguruetan) %25era heltzen den, ez du uste kopuru handia denik EAEko beste udalerri batzuekin alderatuta. Eustateko datuak dira hauek. Baina kontuan hartu behar da, bestalde, estatistika horrek ez dituela aintzat hartzen herriko etxebizitzen beste %10 bat hutsa bezala identifikatua dagoela.
Erakundeen arteko elkarlana
Etxebizitza turistikoen kasuan, aldiz, azken datuen arabera 176 VT lizentzia onartuak ditu Eusko Jaurlaritzak Hondarribian. Hala ere, jakina da halako jarduera eskaintzen duten gehiago daudela konkurrentzian, interneteko eskaintza «klandestinoa» egiten. Carrionen ustez, hau arazo globala da eta mugatu beharra dago. «Beste edozein jarduera ekonomikotan bezala, irregularki ari direnei egurra eman behar zaie, baina horretarako Eusko Jaurlaritza eta Udalak elkar lagundu beharra dute, orain identifikatu diren bi etxebizitza turistiko horiekin egin den bezala», dio bozeramale jeltzaleak.
Haatik, 10 hilabete barru lizentzia berriak onartzeko muga amaituko da, eta horrek kezkatzen ditu jeltzaleak. Carrionek azaldu duenez, jarduera ekonomiko gisa arautu beharra dago, eta horretarako Udalak HAPOa lehenbailehen tramitatuz eskuhartu dezake. Beraz, Plan Orokorraren prozesua motel doala ikusirik, hurrengo urtetik aurrera Etxebizitza Turistikoen problematika ez ote den sakonduko argitu dezala eskatu dio Udal Gobernuari. «Zer gertatuko da? Zer egingo du Abotsanitzek? Jakin behar dugu Udal Gobernuak zer pentsatzen duen hontaz, baina 15 hilabete pasa dira gobernuan daudela eta oraindik ez dakigu ezer», salatu du bozeramale jeltzaleak. Izan ere, Abotsanitz udal taldea oposizioan emandako urteetan landutako gai nagusia etxebizitza eskubidea izan zen bitartean, arazo honi aterabide bat emateko garai haietan erakutsi zituzten asmoak zertan ote diren galdegin du Hondarribiko EAJk. «15 hilabetetan ez dute urratsik egin etxebizitzaren egoera arintzeko», salatu du Carrionek. EAJren iritziz, «bitxia da Jaurlaritzari eskaerak egitea, Udalak ezer egiten ez duen bitartean», eta ondorioztatzen dute Abotsanitzek ez duela oposiziotik agintera pasatzeko egiazko gaitasunik erakutsi.
“Hondarribian bizi nahi dugu” kanpaina gogoan dute jeltzaleek, eta argitu dutenez, Hondarribian bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dute hiri osoan ikusten diren kartel, pankarta eta banderek oraindik ere. Baina «Hondarribian bizitzea eskubidea izan beharko litzateke, eta ez pribilegioa» Abotsanitzen leloa izaki, gobernuaren jardunean hori horrela izan dadin deus gutxi egin duela leporatu dio EAJk. «Zer egin dute eskubide hori bermatzeko?», galdetzen du Carrionek, «15 hilabetean ez dute oposizioko alderdiekin bilera bakar bat ere antolatu Plan Orokorraren prozesuaren berri emateko, argitu beharko dute zer duten pentsatua». Jeltzaleek argi dute HAPOa ezinbestekoa dela bai etxebizitza publiko berriak eraiki ahal izateko, baita etxebizitza turistikoak arautu ahal izateko ere. Baina tramitazio honek daraman erritmo motelarekin kezkaturik agertu da EAJ, «gobernu ereduaz eta bere lehentasunez» asko esaten duelakoan.
Jeltzaleek ohartarazi dute martxa honekin 2027an agintaldia amaitzean Hondarribian izango diren etxebizitza publiko berri bakarrak EAJren aurreko Udal Gobernuak Presa I eremuan Eusko Jaurlaritzako Visesa erakundearekin adostutakoak izango direla. Abotsanitzek erabaki du HAPOari bisturia sartzea, eta noski auzak hobetu egin daitezkeela, baina gobernuak argitu beharko du zer egin nahi duen. Abotsanitz gobernuan erakusten ari den «inkoherentzien» beste adibide bat besterik ez dela diote, ez baita gai izan oposiziotik zituen konponbideetara urratsak egiteko gai izan gobernuan denez geroztik.
Etxebizitza turistikoen arautzea
Horiek hala, egunotan Abotsanitzek Eusko Jaurlaritzari etxebizitza turistikoen kontrola egiten jarrai dezan egindako eskaerari buruz, erakunde batzuei «exijitu eta kritikatzeaz gain», hirian jarduera hori arautzeko Udal Gobernuak zer egiteko asmoa duen galdegin dute jeltzaleek. «Bitxia da beste erakunde batzuei egindako eskaera hori, Udal Gobernua gai horretan legeak egiteko ahal duen guztia egiten ari ez denean», dio EAJk.
Bidenabar, EAJ-PSE alderdiek kudeatzen duten Eusko Jaurlaritzak du etxebizitzari eta alojamendu-turistikoen kudeaketari dagokion eskumena. Halere, jeltzaleek gogoratu nahi izan dute, 2023ko maiatzean EAJren Udal Gobernuak etxebizitza turistikoetarako lizentzia berriak bi urtez bertan behera uztea proposatu zuenean, Abotsanitzek aurka bozkatu zuela. Proposatutako udal ordenantza hura, presio turistiko handiena duten guneetan VT lizentziak arautzeko egokia zelakoan dago Carrion. «Beheko eta lehen solairuetara mugatzen ziren, eta jabego komunitateetan horretara bideratu zitezkeen metro koadroak ere mugatu zituen EAJk, baina Abotsanitzek bisturia sartu du HAPOa hasierako planteamenduetara bueltatuz. Noski hobetu daitekeela, baina oraindik ez dute argitu zer egin nahi duten», azpimarratu du.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!