Udako «masifikazioak» atzean utzita, Gazte Egunarekin kaleak berreskuratuko dituzte larunbatean

Antxeta Irratia 2024ko abu. 28a, 08:58

Egun osoko egitaraua prestatu du Mugiri kultur elkarteak abuztuaren 31n Gazte Eguna ospatzeko. Palestinar herriari elkartasuna adieraziko diote aurten, eta herriko jaietarako motorrak berotzearekin batera, udako turismoaren masifikazioa pairatu eta gero, kalea gazteentzako aldarrikatzeko helburua dute.

Urtean zehar Herri Olinpiadekin egiten duten lanari «nukleo sozial berarekin» jarraipena eman nahi diote, eta Hondarribiko jaien atariko gisa ospatuko dute Gazte Eguna abuztuaren 31 honetan. Izan ere, haientzat Hondarribiko jaien hasiera dela aitortu digu Urko Iridoy gazte asanbladako kideak, eta aldi berean, uda borobiltzeko aukera ematen diela. «Badakigu udako hilabeteotan herria nola masifikatzen den, nola pairatu behar dugun bisitariek protagonismoa hartzea, horregatik autogestioaren bidez horrelako zerbait antolatzea zerbait polita da iraila hasteko», dio.

90. hamarkadatik ospatzen duten Gazte Eguna kutsu politikoak ere bereizten duela dio Iridoyk. Zentzu honetan, iaz Bidasoko migrazioaren gaia ardatz hartuta Harrera Sarea babestu zuten bezala, aurten gazte asanbladak Palestinar herriari elkartasuna adieraztea erabaki dute.

Egun osoko plana

Zumardia izango da Gazte Egunaren erdigune. Goizean zehar jolasak izango dira koadrilen artean. Eta 13:00ean elkartasun argazkia aterako dute urtero bezala. Arma Plazan egitea aurreikusia zuten, baina egun horretan bada beste ekitaldi bat bertan, eta sare sozialen bidez jakinaraziko dute azken momentuan lekua aldatuko balitz. Jarraian 300 lagunentzako herri bazkaria egingo dute, eta 17:30ean Fan&Go erromeria, 22:00etan Pertz eta 23:00etan herrikoa den DJ Zezen-ek animatuko du gaua.

Herri bazkarirako txartelak abuztuaren 24an jarri zituzten salgai, baina oraindik ere ez dituzte denak saldu. Aurreko urteetan emandako hilarak gogoan ditu Iridoyk, eta azken aldian hainbat koadrilek euren kabuz bazkaldu eta gero kontzertuetara hurbiltzen direla ohartarazi dira antolatzaileak. «Jendeak ulertu behar du Gazte Eguna hein handi batean bazkari horri esker eusten dela, eta beraz deialdia luzatzen diegu gazteei egun osoa ospatzera etor daitezen», argitu du.