Iraileko hirugarren astean ospatzen da urtero Europako Mugikortasunaren Astea. Eta aurten irailaren 16tik 22ra egokitu da. Hondarribian jaietatik atera berriak egongo dira, eta ikasturte hasierako eskola sartzea dela eta, Udalak familien parte hartzea zaila izan ohi dela ohartuta, aurtengo egitaraua erakargarriagoa izan dadin hainbat aldaketa egin ditu. «Hausnarketa egin dugu eta pentsatu dugu hobe dela hitzordu gutxiago antolatzea, egitaraua trinkotu eta zerbait iraultzaileagoa proposatzea», argitu du Estitxu Urtizberea alkateordeak.
Genero ikuspegia lantzen
Horiek horrela, Hondarribiko Mugikortasunaren Astea irailaren 16an hasiko da, genero ikuspegia landuko duen tailer batekin, preseski emakumeei zuzendutakoa. Talaia Biteri eskolan egingo da 18:30etatik aurrera ‘Emakumeak txirrindan: kaleak eta errepideak gureak ere badira!’ formakuntza tailer hori. Urtizbereak azaldu duenez, «jabetuta gaude txirrinda askoz ere gehiago erabiltzen dutela gizonezkoek, zaila da emakume bat errepidean txirrindan ikustea, segurtasun pertzepzioari dagokion beldurra dela eta».
Beldur horri aurre egiteko tresnak eskainiko dituen tailerra Txirrindandoain Kirol Klubak emango du. Emakumeen artean kirolaren praktika sustatzea helburu duen elkartea da honakoa, eta tailerra dohainik bada ere, aldez aurretik izena eman beharra dago. Argitu dutenez, horregatik aurkeztu du Hondarribiko Udalak egitaraua hain garaiz aurtengoan. Udalak jakinarazi duenez, parte hartzeko eskaera egiten duten emakumeentzat zaintza zerbitzua eskainiko da hala behar izanez gero. Izena emateko hemen sakatu.
Mugikortasun jasangarria adin guzietarako
Irailak 20an, ostiralarekin aldiz, haurrekin eta adinekoekin pentsatutako hitzorduak proposatuko dituzte. Batetik, urtean zehar Balazta elkartearekin lankidetzan antolatu ohi den BiziBusa ekimena egingo dute. «Ez da berria, baina herriko haur eta gazteek eskolara bizikletaz joateko ohitura har dezaten indar bat egin nahi dugu, ulertuta guraso askok beldurra dutela», dio Gorka Obesok, Balazta elkarteko kideak. Talaiako Guraso Elkarteak eta Balaztak abian jarri zuten ekimena duela zenbait urte, eta hilean behin antolatzen zuten. Baina bertan behera geratu zen gero, eta Mugikortasunaren Europako Astean ekimena berreskuratzeko saiakera egin nahi dute. Udaltzainen laguntzarekin eta modu antolatuan egiten denez parte hartzera animatu nahi dute. Horretarako zenbait geltoki proposatuko dituzte: Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza (8:30), Gernikako Arbola (8:35), Martxoak 8 plazatxoa (8:40), Donostia kaleko eskailera mekanikoetan (8:45) eta Sokoako errotonda (8:50).
Bestalde, zahartze aktiboa balioan jartzeko helburua duen Ttipi-Ttapa ibilaldi osasuntsua egiteko aukera emango dute goizeko 11:00etan Itsas Etxetik abiatuta. Astero egin ohi dute hau, baina ekimen honi oihartzuna eman nahi diote aste horretan jendea animatze aldera. Era berean, aste osoan zehar Nagusikleta ekimena burutuko du Balazta elkarteak. Obesok gogoratu duenez, urte osoan zehar eskaini ohi duten aukera da. «Uliazpi, Betherram eta San Gabriel egoitzetako adineko pertsonei bertatik atera, eta triziklo handietan herrian barna ibiltzeko aukera ematen jarraitu nahi dugu», argitu du.
Mendelun auzo-festa
Dena dela, berrikuntza handiena, Mendelu auzoko mugikortasun arazoaz hausnartzeko lehen hazia izan daiteke, irailaren 22an antolatu duten festarekin. Estitxu Urtizbereak azpimarratu du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lan handia egin eta gero, Mendelu kalea goiz batez ixteko baimena lortu duela Udalak. «Goiz bakar bat bada ere, hausnartzeko eta auzotarrek espazio publikoa berreskuratu eta familian gozatu ahal izateko aukera emango du honek», aldarrikatu du.
Zentzu honetan, arlo administratiboan ere, aldundiari kale honen kudeaketa Udalaren esku utz dezan eskaera luzatu egin diotela aurreratu du alkateordeak. Eta horrek aukera berriak eskaini ditzakeela Balazta elkartearen eta Mendeluko bizilagunen aldarrikapen historikoari aterabide bat emateko. Izan ere, Mendeluko errepidetik egunero batez bestean 8.000 ibilgailu baino gehiago pasatzen dira, eta «bizikletentzako ez ezik, oinezkoentzat ere segurtasun arazo bat suposatzen du, eta kutsadura eta zarata», oroitarazi du Balaztako Gorka Obesok.
Hortaz, irailaren 22ko Autorik Gabeko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, auzo-festa familientzako gozagarri izateaz gain, aldarrikapen eguna ere izango da. 11:30ean hasita, umeentzako hainbat jarduera eta jolas antolatuko dituzte: Balanzbike zirkuitoa, txikientzako ezy roller eta mini motoen zirkuitoa, puzgarriak, playmais tailerra, aurpegi margoketa tailerra, musika, etabar. Eta urtero bezala, Bizikleta Martxa ere antolatuko du Balazta elkarteak. Aurtengoan, aldiz, Mendelun amaituko da, festarekin bat egiteko. Eta ondoren paella bazkari herrikoia ere egingo dute. Bizikleta Martxa Gernikako Arbolatik abiatuko da 10:30ean. «Irungo Bizikleta Martxarekin elkartu nahi dugu, Mendeluko mugikortasun arazoa ez delako soilik hondarribiarrena, eta oraindik ere konponbidea ez dago lotua», dio Balaztako kideak.