Jaizkibel konpainiak hamargarren urtez antolatu duen Hondarribia Berdintasun Hiria (HBH) saria banatu dute igande honetan Itsas Etxean. «Festa parekidea amestu eta lortu duten herriak eta kolektiboak» saritu izan dituzte hamar urteotan. Aurtengoa, aldiz, aparteko saria izan dela azpimarratu digu Izaskun Larruskainek, Jaizkibel konpainiako kideak. «Berezia da hamargarrena delako, baina oraingoan oso ondo egina dagoen Berdintasun Legea aintzat hartu dute epaileek, gauzatzea besterik ez delako falta, eta hori bisibilizatze aldera», argitu du.
Izan ere, aurten 2005eko Berdintasun Legea 2022an berritu zuten Eusko Legebiltzarkideei egindako lana aitortu nahi izan die Jaizkibel konpainiaren HBH sariak. Halere, konpainiak ez duela erabakitzen oroitarazi dute. Jaizkibelek hainbat proposamen helarazten dizkie epaileei, eta haiek dute saritua hautatzen. Nieves Alza, Fermin Muguruza, Garbiñe Biurrun, Maddalen Iriarte eta Arantxa Urretabizkaiak osatzen dute epaimahaia, baita iazko sariaren irabazleek ere, Antzuolako Alardearen ordezkariek eta Antzuolako Udalak.
Horiek horrela, aurten Leixuri Arrizabalaga (EAJ-PNV), Oihana Etxebarrieta (EHBildu), Gloria Sánchez (PSE), Isa González (Elkarrekin Podemos-IU), eta Laura Garrido (PP) gonbidatu dituzte saria jasotzera. Legebiltzarreko lan batzorde horrek legea garatzeko urte eta erdiko lana hartu zuela nabarmendu dute saria jasotzera hurbildu diren EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko ordezkariek. Isa Gonzalezek argitu duenez, «lan isil hori balioan jartzea eskertzekoa da, baina Euskadi osoko eragile feministen lana da horren atzean dagoena, eta Jaizkibel konpainia eredu izan da beti». Oihana Etxebarrietak bere partetik, «legea konplitzeko betebeharra erakunde guztiena» dela aldarrikatu du Oihana Etxebarrietak, EH Bilduko legebiltzarkideak, gogoratuz "legea paper bustia delako betearazten ez dena".