Jaizkibel konpainiak Gernikako Arbolaren belardian hasiko du hilaren 8a, eta Zapatero jotzen amaituko du arratsaldeko desfilea

Antxeta Irratia 2024ko ira. 2a, 12:57

Hondarribiko Udalak konpainia parekideari emandako baimen dekretuaren ebazpenak konpainia gisa desfilatzeko aukera emateaz gain, beste zenbait «keinu sinboliko» ahalbidetuko ditu aurten. Jaizkibel konpainia gainerakoen alboan bilduko da goizeko 7:45ean Gernikako Arbolaren belardian, eta besteak beste, Zapatero joko dute aurreneko aldiz arratsaldeko desfile amaieran Kale Nagusian behera saltoka ospatzeko. 

Jaizkibel konpainiak bere lehenbiziko ensaioa egin zuen atzo. Eta alarde egunerako astebete falta zela, konpainia parekideak bere kideei azken batzarrean jakinarazitako azken informazioak plazaratu berri ditu ere, Antxeta Irratiaren galderei erantzunez. Herrian eztabaida piztu duen Hondarribiko Udalak Jaizkibel konpaniari emandako baimenaren dekretuak, hainbat nobedade gehiago ekarriko dituela argitu baitu konpainia parekideak.

Nora Ferreira kapitainak azaldu digunez, irailaren 8an konpainia gisa 8:00tan desfilatzearekin batera, konpainia 7:45ean sartuko da Gernikako Arbolan. Baina orain artean ez bezala, belardian egongo da ordu laurden gainerako konpainiak bezala, eta beraz, haien alboan. «Iaz bertatik pasa ginen, baina orain keinu sinboliko oso garrantzitsua emango da», nabarmendu du kapitainak. Jakin izan denez, Guztion Alardeak desfilearen abiatze horretan jendeari bere babesa ematera hurbil daitezen deialdia luzatu diola.   

Era berean, arratsaldean Jaizkibel konpainiak egindako aspaldiko eskaera baimendu zaie. «Kale Nagusia Zapatero jotzen jeitsi ahal izango dugu aurreneko aldiz, hau historikoa da eta oso konten gaude», dio. Horrela, 18:15ean egingo dute Kale Nagusiko jeitsiera Zapatero jotzen lehen aldiz. Baina argitu dutenez, ez dute Santamaria atea zeharkatuko. Damarri plazaraino joan beharrean Etxenagusia margolariaren kalearen parean amaituko dute arratsaldeko desfilea, baina Zapatero jotzen eta Kale Nagusian beherako bidean saltoka eta gozatuz. 

Hortaz gain, konpainia parekideak Udalari egindako beste zenbait eskaera ere, onartu egin zaizkiola azpimarratu du Ferreirak. «Gauza txikiak dira, baina sinbolikoak», dio. Izan ere, Jaizkibelen ensaio ordutegiak sartu ditu Udalak programa ofizialean, eta ensaioetarako baimenak ere, Berdintasun Legea bere ebazpenean aipatzen duen alarde eguneko dekretu berean barneratu du Udalak.

Lasaitasunerako deia

Konpainia parekideak parez-pareko tratamendua izan du aurten Udalaren partetik, eta horrekin pozik azaldu da Ferreira, ahaztu gabe «asko dagoela oraindik egiteko». Aurten Udalak baimendutako konpainia gisa desfilatuko duten heinean, alarde egunean nortzuk eta non egingo dieten harrera, zalantzan jartzen dute. Nolanahi ere, eta aurten lehen aldiz Herrizaingo Sailaren manifestazio baimenarekin beharrean, Udalaren baimenarekin konpainia gisa desfilatuko duten aurreneko urtea da, eta «alarde baztertzaileko zenbait kolektiboen artean sortu den eztabaidaren aurrean, guk gurea egiteko deia luzatu nahi dugu, probokazioetan erori gabe», argi utzi nahi izan du Nora Ferreirak. 

Bestalde, aurten Herrizaingo Sailak baimendutako manifestazioa ez denez, printzipioz Ertzaintzak ez du Jaizkibel konpainia ibilbidean babestuko. Eta konpainia parekideak bere gain hartu beharko ditu ere antolaketaren zenbait gastu. «Osasun edo larrialdietarako neurriak gure gain hartu behar ditugu, eta antolakuntzan laguntzaile gehiago ere beharrezkoak izango dira», argitu du. Horri aurre egiteko Jaizkibel konpainiaren material salmenta kanpaina jarri dute martxan, poltsa, kamiseta eta bestelakoekin gastuei aurre egin ahal izateko.