Hondarribiko EAJk Jaizkibeli harrera eginen dio irailaren 8an: «Beti adierazi dugu Jaizkibelek Udala onartu eta legitimatzen zuen egunean EAJ taldeak ere harrera egingo ziela»

Aimar Lopez 2024ko ira. 3a, 15:52

Jaizkibelek udalari desfilatzeko baimena eskatu izana ontzat jo dute jeltzaleek, eta hala, iaz ez bezala, harrera eginen diete. Haatik, gogor kritikatu dute Igor Enparan alkatea, eta herritarren segurtasuna arriskuan dagoela ohartarazi dute: “erabakia zuzentzeko” eskatu diote.

Ohar bidez, astearte arratsaldean Hondarribiko EAJk adierazi du kezkatuak direla irailaren 8an izan daitezkeen istiluekin, azken asteetan “aspaldidanik bizi ez zen tentsio-giroa” sortu baita Hondarribian. Jeltzaleen iritziz, gobernu-taldeak ez du Alarde Fundazioari eta Jaizkibeli emandako baimenen inguruko “komunikazio argirik” egin, eta beraz, nahasmena sortu da herritarren artean.

Abuztuaren 23an komunikatu zuen Hondarribiko Udalak bi baimen eman zituela irailaren 8an desfilatzeko: bata Jaizkibel konpainiari, eta bestea, Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteari -Alarde Fundazioari-. Udalak argi utzi zuen ibilbide beretik baina ordutegi ezberdinean desfilatuko zutela bi elkarteek.

Jeltzaleek, baina, alkateari deitoratu diote atzerapauso bat eman dela bizikidetzan aurten, eta “hartutako erabakiak ez direla egokiak izan”. Hala, “bizikidetzaren eta segurtasunaren printzipioei erantzungo dien dekretu bat” galdegin dute, hain zuzen ere segurtasuna arriskuan dela argudiatuz.

EAJk Kale Nagusian eta Etxenagusia Margolariaren Kalean arrisku puntuak izan daitezkeela identifikatzen du, “leku faltak eta bilduko den jende kopuru handiak” sorturiko arriskua hain zuzen ere. Hala, “erabakia zuzentzeko” eskatu dio Igor Enparani, eta bestela, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari laguntza eskatu diezaiola, segurtasuna bermatze aldera.

Jaizkibelek “udala onartu eta zilegiztatu” du

Udalaren azken erabakiak kritikatu badituzte, kontrara ontzat jo dute Jaizkibel Konpainiak baimen eske honengana jo izana. Adierazi dutenez, EAJk azken urteetan “Alardea ulertzeko eta ospatzeko modu guztiak zilegiak direla” ulertzen du. Beraz, konpainia parekideak orain arte Segurtasun Sailari manifestaldi baimena eskatzen bazion, orain Udalari desfilatzeko baimena eskatu izana aurrerapausotzat dute. Horren ondorioz, Hondarribiko EAJk harrera eginen dio Jaizkibeli irailaren 8an aurrenekoz aurten: “koherenteak gara orain arte adierazitakoarekin”.

Azkenik, adierazi dute “EAJak Udalbatzak 1639an hartutako konpromisoa beteko” duela, elizako kabildoaren ondotik Sainduako ermitara prozesioan joanez, baita Guadalupera ere.